Hernanitik Astigarragara bitarteko Abiadura Haundiko Trenaren obrak martxan dira Osiñaga auzoan. AHTren aurka eta proiektua bertan behera uzteko eskatuz, mobilizazioak deitu dituzte Hernaniko AHTren Aurkako Taldeak eta AHT Gelditu! Elkarlanak ekainaren 2an, Hernanin. Goizeko 11:00etan Urumeako jaitsiera antolatu dute. Ereñotzuko futbol zelaitik abiatuko dira Landarera bidean. Antolatzaileek dei egiten diete herritarrei flotatzen duen edozerrekin azaltzeko eta parte hartzeko: baltsak, flotadoreak, piraguak... Aldatzeko arropa eramateko ere gomendatu dute. Jaitsierari babesa emateko, 15:30etatik aurrera elkarretaratzea egingo dute ibaiertzean. Ondoren, 19:00etan, kalejira abiatuko da Zinkoeneatik. Hori guztia Hernaniko AHTren Aurkako Taldeak antolatu du. Horrez gain, giza-kate nazionala izango da AHT Gelditu! Elkarlanak deituta.
Kaltetutako inguruetan, giza-kate nazionala
Egun berean, mobilizazio nazionala deitu du AHT Gelditu! Elkarlanak, AHTren obrak kaltetutako inguruetan barrena. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dira Elorrabitik. «Osiñaga auzoan kaltetutako sagardotegi eta baserri lurrak bidez-bide inguratuko dituen giza-katea egingo dugu. Hortaz, ahalik eta herritar gehien mobilizazio egun honetara biltzeko dei egiten dugu, AHTren eraikuntza lanek Urumea bailarako bazter hauetan eragiten ari diren hondamena bertatik bertara salatzeko eta proiektu txikitzaile honen aurka herritarren errefusa adierazteko». Giza-katea Karabelgo zubian bukatuko da eta kalejira-manifestazioa egingo da Kaxkoan.
Hitzaldiak eta kontzentrazioak, Donostian
AHTren auzia dela eta, datozen egunetan hainbat hitzaldi eta kontzentrazio egingo dira Donostian. Asteartean, esaterako, 11 lagun epaituko dituzte eta elkartasun kontzentrazioa egingo da 09:30etan, epaitegi aurrean.
Urumean, Zikuñaga inguruan egin nahi duten pasabidea salatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, Excavaciones Aballa enpresak pasabide bat eraikitzeko baimena eskatu dio Ur Agentziari, Urumean barrena alde batetik bestera makinaria astuna pasatzeko. Batasunaren Garrantzizko Leku izendatu duten naturgunean egin nahi dute, hain zuzen, Zikuñagako presatik behera Ibai ertz batean zein bestean 35x5 metroko sarbideak eraikiko lituzkete eta pasabide horrek eragingo lituzkeen kalteak begibistakoak direla azpimarratu du Eguzkik. «Milaka kamioi eta hondeamakina ibaian barrena alde batetik bestera ibiliko lirateke, faunaren kaltetan. Esaterako, izokiaren kaltetan edo bisoi europarraren kaltetan. Eta ibai ertzeko hainbat zuhaitz ere botako lituzkete». Eta gaineratu dute: «Proiektuak, Hernanin, Urumea gaineko zubi bat aurreikusten du eta neurriak hartu dituzte pilareak egiteko. Eraikuntza abendua eta urtarrila bitartean eta apiriletik udaberria bukatu bitartean geratuko dute izokiari, saguzarrei eta beste espezie batzuei kalte ez egiteko. Beraz, bi pilare horiek eraikitzeko tentuz ibili beharra omen dago; pasabidea egiteko, berriz, kuidadorik ez». Baimena ukatzeko eskatu du Eguzkik eta giza-katean parte hartzeko dei egiten die herritarrei.
EGITARAUA
Maiatzak 27, igandea:
Val Susako NO TAV Mugimenduko Nicoletta Dosioren hitzaldia, Groseko Kortxoenea gaztetxean, 18:00etan.
Maiatzak 29, asteartea:
AHTren aurkako 11 lagun
epaituko dituzte Donostian. Elkartasun kontzentrazioa epaitegi aurrean, 09:30etan.
Ekainak 1, ostirala:
‘Desobedientzia zibila: Mugitu eta AHTri desobeditu’. AHTren aurkako `tartalari´en hitzaldia Donostiako Okendo kultur etxean, 19:00etan.
Ekainak 2, larunbata:
Urumeako jaitsiera. Ereñotzuko futbol zelaitik, 11:00etan.
Giza-katea Osiñagan, Elorrabitik aterata, 17:00etan.
Kalejira Zinkoeneatik, 19:00etan.
Ekainak 4, astelehena:
‘Cumbre RIO+20 y TAV’ hitzaldia, Yayo Herrero ekologistarekin, 19:00etan, Koldo Mitxelenan.