Zegama-Aizkorri mendi maratoi ezaguna egin zen atzo, eta hernaniarrak ere izan ziren tartean. Denbora onekin, gustora egin zuten proba.
Santamaria, sasoi onean
Unai Santamariak denbora ona egin zuen atzokoan: 4 ordu eta 47 minutu behar izan zituen, hain zuzen ere, maratoiko 42 km-ak egiteko. Sailkapen orokorrean, 49. postua lortu zuen. Marka polita, 400 korrikalari baino gehiago izan zirela kontuan hartuta.
Elorza, gustora
Zegama-Aizkorrik IX. edizioa zuen aurtengoa, eta berrikuntza batekin proba egin da: juniorrentzako karrera prestatu da, 10,4 km-takoa.
Bertan hartu zuen parte Tomax Elorza gazteak. Ez dago horrelako probetan ibiltzera ohituta, errugbia baitu, ohiko kirola.
Ordubeteko denbora eginda, 25. postua lortu zuen, 36 parte-hartzaileen artetik. Bost neska ere izan ziren proban.
«Goraka kosta egin zait», aitortu zuen, «baina beherako bidea oso polita izan da, familia han nuen animatzen, eta euriaren ondorioz, lokaztuta bukatu dugu denok. Polita izan da, eta gustora geratu naiz. Hala ere, nahiago dut errugbia!».