Hitzaldiak, martxa eta afaria, 1512-2012 Nafarroaren Konkistaren bueltan

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 20a, 02:00

Hitzaldiak hiru izango dira: bihar, etzi eta hilaren 28an. Afaria tematikoa izango da, eta sarrerak aldez aurretik erosi behar dira.

Hainbat ekimen antolatu ditu Hernani Errotzen taldeak Hernanin, Nabarralderen laguntzarekin; hala nola, hi­tzaldiak, martxa eta afari tematikoa. Taldeak azaldu duenez, «aurten betetzen dira 500 urte Gaztelako Albako dukearen tropek Nafarroa inbaditu zutela; baina baskoiek lehenago sortua zuten Iruñeako Erre­suma, eta modu horretan erakundeak eraiki zituzten hizkuntza, kultura, elkarbizitza eta lana garatzeko». Konkistaren inguruko historia hori guztia azaltzeko asmoarekin antolatu dituzte maiatza bukaerara bitartean izango diren ekintza guztiak.

Hiru hitzaldi
Datozen egunetan hiru hi­tzaldiak izango dira Biterin, 19:30etan. Bihar Koldo M. Garatek emango du Dominio y expolio hispano-frances del reino de Navarra izenekoa. Eta etzi, Amaia Nausia izango da hizlaria, eta emakumeek 1512a ostean bizitutako egoera azaldu du. Azkeneko hi­tzaldia maia­tzaren 28an izango da. Idoia Arrietak emango du, eta 1200-1512 konkistak Donostiako dokumentua aztertuko du bertan.

Afari tematikoa eta musika, berezitasunetako bat
Ekintza guztien artean, berezienetako bat izango da ostegunekoa. 20:45etan egin dute hitzordua Errioguardan. Afal­­­­du aurretik harrera egingo dute, eta ekitaldia 21:00­etan hasiko da. Na­farroako historia eta identitateari bu­ruz ariko dira, musikak la­gunduta. Ondoren, afaria izan­go da; eta afalostean solasaldia antolatu dute. Guz­tia 23:30ak aldera bu­katzea aurreikusten dute. Afaria Errioguarda jatetxean izango da eta txartelak aldez aurretik erosi behar dira, 18 euroan; azkeneko eguna etzi da.

Ausa Gaztelura, irteera
Ausa Gaztelu egunean parte hartzeko deia ere egin dute. Maiatzaren 27an izango da, eta 09:30etan abiatuko da mendi martxa Larraitzetik. Jaia goizeko 11:00etan izango da, Larraitzen.

Bukatzeko, mozioa Plenoan
Aurtengo ekintzekin bukatzeko, taldeak 1512-2012ko Nafa­rroaren konkista adierazpena Udaleko plenoan aurkeztuko du. Hernaniko eragile, talde eta banakakoen atxikimendua ari dira biltzen, mozioa elkarrekin aurkezteko. Plenoa Udalean izango da, 19:00etan. Mo­zioan, besteak beste, eskatuko dute nafar ikurra jartzea, 1512koa gogoratzeko.

Informazioa, atxikimenduak, txartelak...
Informazio gehiagorako, atxikimendua emateko edo txartelak erosteko, bi modu daude: telefonoz, 943 55 60 11ra deituta, edo emailez, hernani@nafarroa.biz helbidera idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!