Frankismoko krimenak Argentinara iritsi dira. Hain zuzen, Maria Servini de Cubria epailearen aurrean jarri dute kereila Frankismoko biktimen hainbat elkartek; tartean da Goldatu, Euskal Herriko elkartea. Eta elkarteko zenbait kideri deklarazioa hartu zien epaile argentinarrak apirilaren 23an, Comodoro Py-ko epaitegian (Buenos Aires). Servini de Cubriak Madrilera bidaiatzeko asmoa du ekaina inguruan eta Euskal Herrira ere etorriko da biktimen deklarazio gehiago biltzeko eta auzian gehiago sakontzeko asmoz. Goldatuko kideek hernaniarrak animatu nahi dituzte beraiekin harremanetan jartzeko frankismoko biktimaren bat ezagutzen baldin badute eta testigantzak eta dokumentazioa ematerik baldin badute: goldatu.org.
Errepresaliatuei, fusilatuei, torturatuei... ahotsa jarri
Preso ohien eta errepresaliatuen elkarteek azaldu dutenez, kereila honekin lortu nahi dute gutxienez ahotsa jarri Frankismoko errepresaliatuei, fusilatuei, torturatuei, atxilotuei...
Epaile argentinarraren aurrean Goldatuko bi kidek eta La Comunako (Madril) beste bi kidek deklaratu zuten. Euren testigantza propioak azaltzeaz gain, beste dozenaka espediente aurkeztu zituzten. Esaterako, Salvador Puig Antich, Humberto Baena, Andoni Arrizabalaga eta Imanol Aspiurrenarenak. Horrez gain, Burgoseko prozesua eta 1977ko Amnistiaren Legea ere aipatu zituzten. «Behingoz, Frankismoaren arrasto guztiak desagertzea nahi dugu eta bizi dugun injustizia gainditu, izan ere, Frankismoa inoiz ez da epaitegietara eraman; erantzukizunik ere ez da inoiz eskatu».
Dokumentuak lortzeko
zailtasunak
Elkarteko kideek gaineratu dute ez dela erraza izan Estatuko Segurtasuneko Zuzendaritza Orokorraren menpe dauden artxibo eta dokumentuak biltzea, gerra kontseiluko sententzien inguruan. «Sinestezina da, gaur egun, gure bizipenak biltzen dituzten artxiboetara sartzeko aukerarik ez izatea eta espediente batzuk aztertzeko baimena ematen digutenean, izen guztiak borratuta egotea, norberarena izan ezik».
Arduradunak identifikatu eta aurkitzeko saiakera
1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era bitartean izandako arduradun politiko, militar eta polizialak identifikatu eta aurkitzeko eskaerei Estatu espainiarreko gobernuak erantzunik ez diela eman ikusita, informazio hori eskatzeko asmoa azaldu du Servini de Cubriak, Madrileko egonaldian.
Kereila tramitatzen ari den abokatuen taldeak prestatuko du egonaldia. Eta asmoa dute Estatuko leku ezberdinetako testigu eta biktimen deklarazioak hartzeaz gain, kereilan azaltzen diren hobi komunak eta atxiloketa zentruak bisitatzea.
Abokatu talde honen ustez, nazioarteko atxilotze aginduak eman ditzakete laster.
Memoria Historikoa
berreskuratzeko lanean
Memoria Historikoaren alde eta Frankismoaren inpunitatearen aurka lan egiteko sortu zen Goldatu elkartea, Frankismoko euskal preso eta errepresaliatuen elkartea. Euskal Herrian zeregin horretan ari dira lanean baita ere Euskal Memoria, Ahaztuak 1936-1977, Lau Haizetara Gogoan... Azken talde horrek Oroimen Historikoaren aldeko eguna antolatu zuen Hernanin 2010eko urriaren 17an, Aitzolen fusilamenduaren urteurrenean.
Aitzol, Jose Ariztimuño apaiz euskalzalea, tolosarra, 1936ko urriaren 17an fusilatu zuten frankistek Hernaniko hilerrian, beste askorekin batera. Gerora, Hernaniko fusilamentuen ikur bilakatu da Aitzol.
200 fusilatu inguru, Hernanin
1936ko urrian, 200 lagun inguru fusilatu zituzten frankistek Hernanin; hilerriko paretan asko, eta Galarretan beste asko (hernaniarrak, 13). Ondarretako kartzelatik aterata hil zituzten gehienak. Hernanin fusilatutako 200 pertsona haiek ez dira agertu. Hernaniko Udalaren eskariz, Aranzadik hilerriko hobia zabaldu zuen 2003an, baina kripta hutsik aurkitu zuten, beste hainbat lekutan bezala.
Fusilatutako 13 hernaniar*
l Jose Adarraga - Apaiza
l Julian Alzelai - 23 urte
l Jose Amilibia Saldias - 29 urte
l Candido Aranburu Txintxurreta - Komunista - Rosa de Luxenburgo
batailoiko burua
l Angel Arbiza - 37 urte
l Felisa Goñi Biurrun
l Fernando Isutia Maiz - Regimiento
de la Victoria 28 zk gudaria
l Angel Jimenez - UGT
l Jose Manrique - 38 urte
l Alejandro Mendikute - Apaiza
l Angel Tormes Asin - EAJ
l Policarpo Usarraga - 49 urte
l Pascual Zabala
(*) Jakin ahal izan direnak.
Gehiago izan daitezke.