Hernaniko Musika Eskola martxan jarri zenetik 26 ikasturte pasa diren honetan, erretiratzeko garaia iritsi zaizu. Hasiera hura nola gogoratzen duzu? Nolatan hasi zinen Musika Eskolan lanean?
Hernanin eman zen nolabaiteko hutsunea; Musika Bandaren garaiak beherakada izan zuen. Jendea ez zen etortzen, jendeak ez zituen hain gustoko Musika Bandako dantzaldiak, taldeak nahiago ziren… Udalak egin zuen saiakera modukoa orkestinarekin, musika taldeak ekartzen... Horrek ere failatu egin zuen eta kendu egin zen musika Tilosetatik.
Udalak, 1980 inguruan beste saiakera bat egin zuen: musika kalean. Hasi zen kontratatzen talde ezberdinak kale bueltak egiteko eta plazan jotzeko. Talde horien artean ni hasi nintzen Txanbela taldearekin. Boskotea ginen eta nik txistua, xirula, alboka, dultzaina, klarinetea… jotzen nituen. Gero hasi ginen, Astiazaran anaiak eta hirurok. Orduan sartu nintzen harremanetan Hernaniko udaletxearekin eta herriarekin. Kasik bertako musikariak ginen. Garai hartan Intxaurrondoko ikastolan egiten nuen lan musika ematen eta enteratu nintzen Hernaniko Udalak asmoa zeukala Musika Eskola antolatzeko. Beste gauzen artean, euskal soinu tresnak sartu nahi ziren, arautu gabeak: Alboka, dultzaina, txalaparta, trikitixa… txistua arautua zegoen ordurako. Nik nire burua aurkeztu nuen euskal soinu tresna horiek irakasteko, trikitixa ezik. Aurkeztutakoen artean nik lortu omen nuen puntuazio altuena eta horrela hasi ginen.
Erronka potoloa.
Bai, eta aurre egin behar horri! Derrepente eskola bat iraunkorra. Ez hamabost eguneko ikastaro bat edo bi asteburutakoa… Ez, ez, ez; astero-asterokoa eta ikasturtea bukatzean hurrengoari begira jarri behar nola antolatu erabakitzeko: ariketak, piezak, errepertorioa… Interesgarria izan da abentura hau, oso.
Euskal Herri osoan lehenengo eskola zen halako soinu tresnak irakasten zituena, ezta?
Txalaparta eta albokari dagokionean, lehenengo eskola iraunkorra izan zen, bai. Eta esango nuke dultzainan ere baietz. Nafarroan bazeuden eskola batzuk iraunkor xamarrak, baina programa bat sortu zela-eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban behintzat, lehenengoa. Txistua lehenago ere ematen zen beste eskoletan.
Zailtasunak izango zenituzten, eredurik ez edukita.
Zailtasunak baino gehiago, lana. Nik gogoratzen dut lehenengo ikasturtean kontratua 11 ordukoa nuela, baina eguneko ordu guztiak hementxe pasatzen nituen. Txistuan, Donostiako Kontserbatorioan sortutako materiala erabiltzen genuen, gure moldaketak eginda. Baina albokan, dultzainan, txalapartan… dena egiteko zegoen. Lehenengo ariketak eskuz idatziak ziren, udako oporraldian kanpinean jarri eta hantxe aritzen nintzen kurtso berria prestatzen.
Beraz, zaila ez; gainera ezin genuena ez genuen egiten. Eta klasea ematen ari zinela ikasi egiten zenuen. Klaseak berak, ikasleek beraiek markatzen zuten nondik jarraitu. Eta oso gustoko lana izan da.
Zer moduzko erantzuna izan zuen?
Alde batetik, arrakasta izan beharra genuen; irabazi behar genuela seguru geunden, besterik ez zegoelako. Baina, bestetik, bidea egiteko zegoen eta ikasle eta irakasleen artean sortu dugun bide hau ez da zuzen zuzena izan. Moldatzen joan gara beharren arabera.
Dena dela, erantzuna oso ona izan da. Guk izan ditugun ikasleen artean gehiengoak behintzat, bere borondatez aukeratu du hau ikastea. Gutxi izan dira beren gogoz kontra hasi direnak. Eta hori oso kontuan hartzekoa dela iruditzen zait. Gehiago izan ditut gurasoen gogoz kontra etorri direnak. Gurasoek nahiago zuten beste soinu tresna bat eta esaten zidaten: Juan Mari esaiozu horrekin ezin dela ezer egin, ez duela balio… Eta nik nola esango dut ba ez duela balio ikusten gaituztenean hortik gabiltzala jotzen eta disfrutatzen!
Bestalde, eskola honen ezaugarri bat izan da, ikasleak hasiera-hasieratik kalera atera direla. 85ean hasi ginen eta 86an jada kalean zebiltzan ikasleak jotzen. Hori gaur egun, Hernaniko ezaugarrietako bat da.
Eta oso inportantea izan da ikasleekin izan dugun lotura. Pentsa, ikaslerik gabe nola antolatuko genuen Albokarien Topaketa, Txalaparta Festa, Txistularien Jaialdia… nola antolatu dena!
Eta lehenengo urtetik,
Txalaparta Festa.
Lehenengo ikasturtean jada lehenengo Txalaparta Festa antolatu genuen, ikasleekin batera. Bi egunekoa izan zen. Oso ondo atera zen. Pello Zuaznabar eta Ramon Goikoetxea etorri ziren jotzera. Eta Pello Zuaznabar, Jesus Artze eta hirurok egin genuen mahai inguru bat txalapartaren inguruan, udaletxeko areto nagusian. Hasieratik ideiak argi genituen. Topaketak irekia izan behar zuen, soinu tresna hauen inguruko dena landu behar genuen: historia, teknikak, musika, joerak… eta aurten jada 26garren edizioa.
Zenbat ikaslerekin hasi zinen eta zenbat dituzu gaur egun?
Lehenengo urtean, denera, 23 bat ikasle izan nituen. Txalaparta ikasten 8 izan nituen eta gaur egun 31 ikasle ditut txalapartan. Egia esan, bigarren ikasturtea da dedikazioa bikoiztu dela. 24 ikasturtetan ibili gara txalapartarako astean, egun bakarra genuela. Denbora luzea pasatu genuen hori zabaldu nahian. Izan ere, jendea etortzen zen eta beti tokirik ez. Orain dela bi ikasturte lortu zen txalaparta eta alboka bi egunetan ematea eta alde haundia nabaritzen da. Koltxoi sendoagoa egiteko aukera eman digu. Pentsa, 31 ikasle. Horrek seguritatea ematen dizu.
Pozik al zaude lortutako emaitzarekin?
Nola ez ba! Igandean bertan Donostian eskaini genuen emanaldia ikusi besterik ez (Olatu talka). Halako txalapartari multzo bat, halako ordu eta erdiko emanaldi aberatsa... antolatzaileek hau besterik ez zuten esaten: Zorionak, ez genuen imajinatzen!
Horrez gain, kontuan izan zenbat taldetan dabilen hemengo jendea txalaparta jotzen, antzerkiarekin, dantzarekin, kantuekin, orkestrekin... Hemengo txalapartariek jo dute Ganteko orkestrarekin, jo dute Kanarietako abeslari ospetsuekin... Eta etortzen dira txalapartari bila lan bat edo beste egiteko. Orduan, nola ez naiz ba gustora egongo!
Gehiago nahiko nukeela? bai! Topera ez da inoiz iristen eta pentsatzen duzu: egin izan bagenu… Baina lortutakoa harro sentitzekoa da. Eta ez hori bakarrik, zenbat talde pasatu dira Hernanitik? Zenbat lan inportante presentatu dira hemen txalaparta festan, gero bigarren saiorik izan ez dutenak? Lan ikaragarriak, onak, haundiak… Horiek Hernani izan dute plaza.
Garai hartan eredu izango zen Hernaniko txalaparta eskola eta gaur egun ere eredu izaten jarraitzen al du?
Guk esatea agian ez da egokia, baina nik uste dut baietz. Zoritxarrez, ez da ezagutzen hain eskola sendorik hemendik kanpo. Eskola onak bai, Sestaoko eskola, esaterako, baina urtero hor dabiltza jarraituko duten edo ez jakin gabe. Gasteizko udal folklore akademian ere ematen da, baina ez daukate hemengo mailarik. Hemen jorratzen da goi maila. Hemen Musikenetik, hau da, Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatoriotik datorren jendea dago edo Iparraldeko musikariak daude. Hemen jorratzen da oso errepertorio zabala, konplexua... eta hemendik ateratzen diren txalapartariak ikusi non dabiltzan!
Horrez gain, Hernaniko eskolak hainbat adar sortu ditu: Urnieta, Andoain, Usurbil, Astigarraga, Orio, Ziburu… Sestaokoak ere nerekin hasi ziren orain dela 20 bat urte, orain irakasleak direnak. Alde horretatik nik uste dut jarraitzen dugula eredu izaten.
Txalapartaren egoera nola dago?
Niretzat fenomeno. Pentsa, ikasleen artean 8 haur dauzkat eta etortzen dira jolastera, Play Station izango balitz bezala. Eta ikustekoa da nola aritzen den semea aitari esplikatzen zertan jolasten duen.
Nire ikuspuntutik, beraz, ondo dago. Zaletasuna badago, gehiago jotzeko entzuteko baino, baina hori ez da bakarrik txalapartaren kasua. Txalapartak erakartzen du jende asko. Begira ze kamaleonikoa den: ikusiko duzu euskal jai batean eta ikusiko duzu jazz jaialdi batean edo musika banguardista emanaldi batean...
Sekulako bidea egin dugu. Zenbat disko egin dira txalapartarekin? Txalaparta askotan diskoaren oinarria da eta markatu du bidea eta eman dio nortasuna diskoari.
Orduan, nik uste dut gure eskuetan dagoela. Hemen segurua, betirako ez dago ezer. Orain behintzat osasuntsu ikusten dut eta momentu honetan txalaparta sortzailea da. Ekarpena egiten duena da. Oraindik ez da hasi errentaz bizitzen; leku batzuetan bai, baina gurean oraindik ematen ari gara.
Inoiz pentsatuko zenuen txalapartak halako harrera izango zuenik?
Nik uste inork ez zuela pentsatzen. Nik ez nuen hau dena pentsatzen orain dela 26 urte. Baina bai aukera bat egon zitekeela. Hasieran, nondik hasi? Zahar haiek jotzen zuten ttakun ttakun ttakun ttan ttakun… eta gero guk jorratutakoa landu. Nik banuen erreserban, abiatzeko materiala, Artzerekin eta nire anaiarekin landutakoa: erritmo berriak hasieran, material nahasketak… Eta derrepente hemen hori bideratzeko aukera paregabea, ezinhobea ikusi nuen. Hasieran ez duzu imajinatzen, baina gero hasten zara bidea egiten eta konturatzen zara dena zabaltzen ari dela. Zeinek esan behar zigun poliritmiak egiten hasi behar genuela bi txalapartariren artean? Eta pentsa, lau txalaparta batera jo genituen igandean! Armonian eta erritmo joku berean, baina bakoitza berea jotzen, inprobisatzen... Eta dantzariak aparte. Eta 12-13 urteko bi txalapartari eta bi albokarik jendea liluratua utzi zuten kantu bat egiten elkarrekin. Hori guztia momentu hartan ez genuen imajinatzen.
Elkarrizketa hasieran esan bezala, erretiratzeko garaia iritsi zaizu. 26 urte eta gero, pena emango dizu, ezta?
65 urte beteak ditut eta eskatu nuen kurtsoa bukatzeko aukera izatea, proiektu bat delako eta moztea ez zela komeni pentsatu nuelako. Eta iritsi da garaia. Pena? Bai, haundia, baina Hernaniko eskolarekin uste dut betirako lotura izango dudala. Ez da izango klasera etortzea, baina tarteka etorriko naiz laguntzera. Eta noski, Albokarien Topaketa dela edo Txistularien Jaialdia dela edo Txalaparta Festa dela, hemen ibiliko gara, beti egongo naiz laguntzeko.
Nik ere ez dut utzi nahi jarduera hau. Nik jarraitu nahi dut erakusten. Gainera, neri iruditzen zait Beltran irakasle onena gaurkoa dela, orain dela 10 urteko Beltran txalaparta irakaslea ez zela hain ona; izan ere, asko ikasi dut urteekin. Orain askoz gehiago ikusten dut lagundu dezakedala eta jarraituko dut beste bide batzuetatik. Baita ere, lanpostua uzten diozu beste bati eta berak jarraituko du irakasten.
Eta lasai joango al zara?
Bai, oso lasai. Egia esan, orain 3-4 urte lan poltsa on bat osatu genuen hemen Musika Eskolan txalapartarako. Udaletxeak atera zituen soinu tresna batzuentzat lan poltsak, eskolako jendearekin, onenetakoekin.
Oiartzunen ere egiten duzu lan, Herri Musikaren Txokoan. Han jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Bai, erretiro partziala hartuko dut: hemen osoa eta han jarraitu egingo dut. Oiartzunen jarraituko dut herri musikaren museo hori kudeatzen eta antolatzen. Tarteka klase batzuk ematen… Eta nola ez, idazten.
Proiekturik ba al duzu orain eskuartean?
Musika Eskolan albokaren 25 urtetan egin duguna, esperientzia hori biltzen duen liburu bat bukatzen ari naiz; ateratzear dago. Alboka ikasteko proposamen bat izenburua du momentuz. Hemen, eskolan lantzen duguna ez da bakarrik txalaparta edo alboka, dultzaina… nola jo. Soinu tresna horiekin lotura duten gauza guztiak lantzen ditugu: historia… Hori guztia liburuan sartuko da.
Horrez gain, orain dela 3 urte bukatu nuen txalapartari buruzko liburu potolo bat DVD eta CD batekin. Eta horrek ekarri zuen Ttakun ttan ttakun zuzeneko emanaldia. Hori ere bukatu nahi dut. Liburu potolo horretan, eskola atala 10 orrialdekoa da, baina badago 200 orrialde betetzeko materiala eta hori osatu nahi dut.
Beraz, Hernaniko bi esperientzia horiek argitaratzeko asmoa dut, aurretik albokarena eta ondoren txalapartarena.
Txalaparta Festa: Egitaraua
Gaur:
10:00, Ibilaldia txalapartari
historikoen etxeetan barrena: Sausta, Barriola-Barkaiztegi, Egaina-txiki, Bilandegi, Erbitegi-Etxeberri. Sausta ondoan elkartuko dira, Lasarteko Buenos Aires Aldapa behealdeko errotondan. Bukatzeko, eguraldi txarra egiten ez badu, denak parte hartzera gonbidatuta dauden festa bat izango da (biderako bakoitzak bere otordua eraman beharko du eta bukaerako festarako antolatzaileek meriendatxo bat prestatuko dute. Ekintza honetan parte hartzeko izena eman behar zen).
Maiatzak 24, osteguna:
19:30, ‘25. Txalaparta Festa’
DVDaren aurkezpena eta proiekzioa, Biteri Kultur Etxean.
Maiatzak 25, ostirala:
19:30, Adabegi taldea: txalaparta, beste perkusioak, dantza,
flamenkoa,… uztartzen dituen proiektua, Biteri Kultur Etxean. (*sarrera: 6 euro).
00:00, Atxur pub-tabernan: Txalaparta party aparta. txalaparta+disko emanaldia Dj Barru, Dj Bit eta txalapartarien eskutik.
Maiatzak 26, larunbata:
Txalaparta Festa Tilosetan.
10:00, txalaparta klase baten bidez, Ttakun 2.1 programa informatikoa nola erabiltzen den ikusteko tailerra.
12:00, txalaparta erromeria. Txalaparta saio libreak.
Musika Eskolako Alboka, Dultzaina, Trikitixa eta Txistu
taldeak kale bueltan.
14:30, herri bazkaria (*bazkarirako txartela aldez aurretik erreserbatu behar da: 22 euro.)
17:00, txalaparta jaialdi
nagusia: Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak eta Euskal Herriko eskualde ezberdinetatik etorritako txalapartariak.
Horrez gain, Txalaparta Festa gunean txalaparta merkatu txikia irekia egongo da (diskoak, liburuak, DVD-bideoak, materiala...)
*Atzieta, 4 Hernani/943 33 70 50 jm-beltran@hernani.net /
soinuenea@soinuenea.org