Ilarrari bultzada eta babesa emateko ekitaldiak, hiru egunetan

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 27a, 02:00

BI urte pasa dira Astiga­rra­gan, Ilarra Elkartea sortu zenetik. Ordutik lanean ari dira ilarraren ekoizte naturala bultzatzeko, eta aurten, hainbat ekitaldi antolatu dituzte produktu hau gertutik ezagutu, probatu eta nola ekoiztu jakiteko. Ilarrari bultzada eta babesa eman nahi diote, eta horretarako hi­tzaldia, dastaketa, tailerrak, azoka... antolatu dituzte datorren ostegunean, ostiralean eta igandean.

«Txikia tamainan
eta produkzioan,
haundia kalitatean»

Roxario Zapian da Ilarra Elkarteko lehendakaria, eta bere esanetan, produktu hau oso garrantzitsua da euskal sukaldaritzan: «betidanik izan da horrela, ez da azken urteetako kontua. Tamainaz eta produkzioz txikia da, baina kalitate kontuan izanda, haundia da ilarra».
Epe motzean utziko du Roxario Zapiainek elkarteko lehendakaritza, baina ez zuen zerbait gehiago egin gabe joan nahi. Azaldu duenez, ikerketak eta azterketak bultzatu izan dira orain arte, baina zerbait falta zen, eta hutsune hori betetzeko antolatu dute Ilarra Eguna. Astigarragan egingo da, Roxario bertakoa delako, eta  ilarra bertan kultibatzeko tradizioa aspaldikoa delako. Roxariok dionez, Astigarra­gan betidanik izan da ilarra ekoizteko ohitura: «udaberriko kutixia da ilarra. Hemen asko produzitzen da, eta baita Hernanin eta Urnietan ere. Tolosaldean berriz, ez horrenbeste, nahiz eta han ere, ari diren bultzadatxo bat ematen».

Zer ikusi eta
ikasi izango da

Ilarra Eguna ekainaren 3an izango bada ere, ostegunetik antolatu dituzte ekitaldiak.
Hilaren 31 arratsaldean, marrazketa tailerrak izango dira umentzat, kultur etxean.
Ostiralean berriz, hitzaldia eta dastatzea antolatu dute Kultur etxean, 11:30­etan eta 17:00etan. Sukaldari, gastronomo, biologo eta ilar ekoizle bat izango dira bertan. Ondoren, herriko baratzak bisitatuko dituzte; eta eguna bukatzeko, ilar afaria izango da Roxario jatetxean. Txartelak salgai   daude Roxario jate­txean (943551138) edo donostialde@ behemendi.org helbidean.
Azkenik, egun haundian, Azoka izango da goizean; eta baita haurrentzako jokoak ere. Eguerdian berriz, ilar dasta­tzea egingo dute; guztia, Foru Plazan. Udaberriko kontzertua  ere antolatu dute eguerdiko 13:30etan. Eta egun osoan zehar pintxo-potea izango da, herriko tabernetan.

EGITARAUA
MAIATZAK 31
17:30-18:00 Marrazketa tailerra umeentzat Kultur etxean.
EKAINAK 1
11:30 eta 17:00 Hitzaldia eta dastatzea. Kultur etxean.
19:00 Astigarragako ilar baratzetara bisita. Kultur etxetik abiatuta.
20:30 Ilar afaria Roxario jatetxean.
EKAINAK 3
Egun osoan zehar pintxo-potea, sagardo eta ilar-tortilarekin, herriko tabernetan.
10:00-14:00 Azoka. Astigarragako ilarrak eta Euskal Herriko produtuak. Foru Plazan.
 Goizean zehar Haurrentzako jokoak.
 11:00 Haurren taldekako lasterketa. Joseba Barandiaran plazan.
12:30 Ilar-dastatzea.
 13:30 Udaberriko kontzertua: Aiztondo abesbatza eta Txirris­klako txistulariak. Foru Plazan.
ASTE OSOAN ZEHAR
Herriko hainbat jate­txetako menuetan ilarrak eskainiko dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!