ez da nolanahiko erronka. Sei egun pasako ditu korrika Xabier Salillas hernaniarrak. Antibesetako txapelketan hatuko du parte ekainaren 3tik 10era, modalitate honetako txapelketarik gogorrenean. Joan den urteko esperientziaren ostean, ezagutzen ditu txapelketaren zirkuitua eta gogortasuna; beraz, helburu garbia du aurten: txapelketa bukatzea. Kronika Salillasekin bildu da, txapelketaren nondik norakoak, bere egoera, entrenamenduak... guztiaren berri izateko asmoarekin.
Zirkuituari ahalik eta
buelta gehien
Txapelketa maiatzaren 3an hasiko da, igandea, arratsaldeko 16:00etan; eta sei egunen ostean, maiatzaren 10ean bukatuko da, larunbata, arratsaldeko 16:00etan baita ere. Zirkuituak kilometro bat eta 25 metro ditu, eta horri buelta gehien ematen dion partehartzaileak irabaziko du txapelketa; 150 lagun inguruk hartuko dute parte.
Zailtasun fisikoaz gain, txapelketa osoa pista berean izateak, psikologikoki lehia nekagarriagoa izatea eragiten du. Salillasek dio ordea, maila honetako txapelketa bat ezin daitekeela beste modu batera izan: «Behobia moduko lasterketa batean partehartzea arriskutsua izan badaiteke, pentsa 6 eguneko lasterketa bat. Uneoro kontrolatzen gaituzte, eta gaizki egonez gero, erretiratzeko gomendioa egiten digute... Txapelketa kalean izango balitz, zirkuito batetik kanpo, kontrol hori izatea ezinezkoa da; eta hortaz, txapelketa oraindik eta arriskutsuagoa izago litzateke».
563 kilometroko marka pertsonala, hobetzea
Helburua txapelketa bukatzea badu ere, joan den urtean egindako marka hobetzea gustatuko litzaioke aurten Salillasi: «563 kilometro egin nituen, Euskadiko errekorra. Eguneko, bataz beste, 94 kilometro korritu nituen. Aurten ere, hortxe izango naiz. Aurreneko 20en artean bukatuko dut ziurrenik, eta horretarako, egunean 90-100 kilometro artean korri behar dut».
Egunean 16 ordu inguru, korrika
Sei egunetako planifikazioa eginda du gutxi gorabehera atletak. Beroa dela eta, aurten gauean egingo du korrika gehien, eta egunean zehar deskantsatu egingo du; txapelketako klabea hori izango dela dio: «egunez 35-40º inguruko tenperatura izango da, eta horrek berak nekatu egiten du. Beraz, klabea gauez korrika egitea dela uste dut, eta eguerdietan lo egitea».
Orduak nola banatu ere zehaztua du atletak: «egunean 15-16 ordu egingo ditut korrika. Gaueko 21:00etan hasi eta 00:00ak bitartean egingo dut aurreneko saioa. Ondoren, bi ordu deskantsatuko ditut, eta hor lo egiten saiatuko naiz. Goizaldeko 02:00ak aldera ekingo diot berriz ere lasterketari, eta goizeko 07:00ak arte ariko naiz korrika. Gaua hala antolatu dut. Eguneko lo gehiena berriz, eguerdian egingo dut, lau ordu inguru. Eta gainontzeko 2-3 orduak otorduetarako izango dira».
Egunean 15.000 kaloria inguru galtzen dituzte
Fisikoki, txapelketa ikaragarria dela erakusten dituen datu batzuk azaldu dizkio Salillasek Kronikari. Atletak dionez, 6 egunetan 9 kilo galdu zituen berak, joan den urtean: «leher eginda bukatu nuen, hezur txiki eta ezkutuenak ere min ematen zidaten. Pentsa, parte hartzen duen edozein korrikalarik 14.000-15.000 kaloria inguru galtzen ditu egunean».
Espainiako selekzioarekin hartuko du parte
Joan den urteko marka onari esker, aurten Espainiako selekzioarekin hartuko du parte Salillasek txapelketan. Lauk osatzen dute taldea, eta aldea, haundia dela dio atleta hernaniarrak: «bakarrik aritzeak edo selekzioaren babesa izateak ez du zerikusirik. Selekzioak guztia ordaintzeaz gain, medikua, selekzionatzailea, entrenatzailea, sukaldaria eta abar jartzen dizkigu. Bakarrik zoazenean ordea, ez duzu inolako laguntzarik, ez duzu inor ezagutzen, hizkuntzarekin arazoak dituzu...»
Interneten, zuzenean
Salillasen erronka berria zuzenean jarraitu nahi duenak, aukera izango du Interneten. Sei egunetan, 24 orduetan gertatzen dena ikusteko aukera izango da www.6-yoursantibes.com helbidean. Horrez gain Ekosen ere jarriko dute, egunero.