Buruntzaldeko enpresetan euskara sustatzea eskualdeko Udalen egitasmoa da, urtez urte garatuz doana. Lan munduan euskara sustatzeko ekinbidean, apirilaren 23an eskualdeko bost enpresek Buruntzaldeko Udal ordezkariekin Baietz gurean hitzarmena sinatu zuten. Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean antolatu zuten sinadura ekitaldira Baietz gurean egitasmoarekin bat egin duten bost enpresetako ordezkariak hurbildu ziren. Haien guztien lekukotzak, jarraian:
Naiara Santxiz
Adarra lan tresnak
Hernani
Enpresen arteko harremanak euskalduntzeko baliagarri delakoan, ondo baino hobeto hartu zuten Adarra lan tresnak enpresan Baietz gurean euskara sustatzeko ekimenean murgiltzeko gonbitea. Enpresaren izenean Naiara Santxizek borondate osoa dutela adierazi zuen, «nik neronek ikasketak euskaraz egin ditut eta hasiera batetik asmoa bagenuen, baina egunerokoak ez du laguntzen. Lan karga handia izaten da eta lehentasuna lana ateratzea zenez, asmo hori alde batera uzten nuen. Udalaren aldetik proposamena jaso nuenean, ekimenean bete-betean sartzea erabaki genuen». Martxan dira aldaketekin eta dagoeneko fakturazioan edota errotulazioan aldaketak egin dituzte.
Euskararen bidean sartzeko garaian norberaren eta Udalaren ekimenaz gain, Adarra lan tresnak enpresan eragin handia izan du inguru hurbilak ere: «euskaldunak diren bezeroen edota lankide diren enpresen aldetik jaso genituen euskaraz lan egiteko eskaerak. Fakturak, adibidez, euskaraz bidaltzeko eskaerak jaso genituen».
Ingurua ere ezinbestekoa da, beraz, enpresaren jarduera euskararen bidetik eramateko garaian.
Iñigo Uranga
Manuel Echevarria S.A.
Usurbil
Buruntzaldea mailako agerraldira Usurbilgo Talleres Mecanicos Manuel Etchevarria S.A. enpresako Iñigo Uranga ordezkaria hurbildu zen. Honezkero lantokian euskaraz bizitzeko hainbat pauso eraginkor eman dituzte: «informatika programak euskaraz erabiltzen hasi gara, eta lantokiko errotulazioa euskaratu dugu. Bide batez, segurtasun neurriei dagokion informazioa ere euskaratu dugu. Hori guztiaz gain, barne kudeaketarako eta etor daitezkeen bezeroei begira gure dokumentazioa euskaratzea adostu dugu Usurbilgo Udalarekin». Usurbilgo enpresak dituen hornitzaileen %90a euskalduna dela dio.
Bezeroen artean, aldiz, Euskal Herritik kanpokoak erdaldunak dira.
Marian Aranguren
Cial. Hostelera del Norte
Lasarte-Oria
Euskaraz bizi arren, esperientzia handia metatu duten enpresetan historikoki gabezia handia egon da idatzizko euskararekin. Ibilbide luzeko enpresen artean Comercial Hostelera del Nortek Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean euskararen idatzizko erabileran aurrerapausoak ematea erabaki zuen. Marian Arangurenek bere esperientzia horrela azaldu zuen: «Euskaldunak gara eta gure artean hitz egiteko euskara erabiltzen dugu. Baina dokumentazioari eta papertegiari dagokionez oso motz gabiltza. Ez dugu ezertxo ere. Katalogoa egiten hasi ginenean Udalak laguntza eskaini zigun, eta aurrera egitea erabaki genuen. Ez gara, gainera, katalogora mugatu. Webgunea, aurrekontuak,... horiek guztiak ere euskaraz prestatzera animatu gara».
Nagiak alde batera utzi eta borondate handia erakusten ari dira Comercial Hostelera del Norten, «irudipena daukat, orain arte, gurea bezalako belaunaldietan ahozko euskara erabili dugula. Eta idatzizkoa, aldiz, ez. Nahiko garbi dugu ondorengo belaunaldiek euskara idatzia asko erabiliko dutela. Euskaraz ikasi dutelako, haien hizkuntza euskara delako. Etorkizuna hori izango dela ikusita, euskara idatzia erabiltzen hastea ona dela iruditzen zaigu».
Hibai Ariztimuño
Panificadora
Hernani
Hernani
Eskualde mailan udalek martxan jarritako ekimenekin bat dator, «euskararen erabilpena ahalik eta gehiago zabaltzeko saiakera ondo dago. Ongietorria izan dadila!». Dagoeneko urrats batzuk eman dituzte, «denen begietara nabarmenak diren aldaketak egiten hasi gara: kamioietako errotulazioa aldatu dugu, baina baita izen komertziala bera. Lehen Refripan zen, eta kutsu erdalduna zuenez, enpresari Sulabe izena jartzea erabaki genuen». Ez dira horretan geratuko, ez dira aldaketa horietara mugatuko. Hurrengo urratsak enpresako barne lanari begira eta hornitzaileekiko harremanei begira eman nahi dituzte.
Jose Miguel Mujika
Orma-Jaki Ona
Andoain
Andoaingo Udal teknikariaren eskutik eskualdeko Udal programen berri jakin zuten, «ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Egia esan, gure enpresan erabiltzen diren testuak erdarazkoak dira, baina euskaratzeko nahiko errazak ziren. Esfortzu txikia eginez euskaratzeko aukera genuen. Eta horrela ekin genion. Dagoeneko martxan gaude eta pixkanaka ikusiko dugu noraino irits gaitezkeen».
«Gure eskualdeko belaunaldi gazteek beren ikasketak euskaraz egiteko aukera izan dute; eskolan hasita eta unibertsitateraino. Horiek lan mundurako jauzia egiten dutenean, lanean euskaraz egiteko aukera izatea inportantea da», Lasarteko alkateak eskualdeko buruzagien asmoa isladatu zuen. Udal administrazioa urratsez urrats lanean ari da. Ezinbestekoa da lan munduko enpresak eta langileak urrats horien alde agertzea eta, zorionez, dagoeneko eskualdean badira bat egiten ari diren enpresak eta enpresariak.