Zegama-Aizkorri Mendi Maratoi ezaguna izango da bihar eta bertan parte hartuko du Unai Santamaria hernaniarrak. Denera 450 korrikalarik hartuko dute parte eta izen haundiko korrikalari atzerritarrak ere izango dira, hala nola: Nicholas Clark, Nikki Kimball, Anton Krupicka... estatubatuarrak, Maud Gobert, Thierry Breuil... frantziarrak... Biharko maratoia Munduko Kopako lehenengo proba puntuagarria izango da. Goizeko 09:00etan abiatuko dira eta 42.195km egin beharko dituzte. Lasterketa erdi mailako mendietan izango da, Aratz eta Aizkorri mendilerroetan zehar, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko tontorrik garaienetatik igaroz (Aratz, Aizkorri, Aketegi eta Aitxuri).
Zigor Iturrieta, Japonen
Zigor Iturrietak ere aukera bazuen bihar Zegama-Aizkorrin parte hartzeko, dortsala bai baitzuen, baina Japonen da Ultratrail Mt. Fuji lasterketan (160 km). Dena dela, Kronikak atzo jakin zuenez, lesionatu egin da. Zehaztasun gehiago izatean, emango dugu horren berri.
Tomax Elorza, bi ordu baino gutxiago egiteko asmoz
Tomax Elorza 17 urteko hernaniarra ere Zegama-Aizkorrin izango da bihar. Aurten lehenengo aldiz juniorrentzako lasterketa antolatu dute eta bertan hartuko du parte. Goizeko 10:30etan abiatuko dira. Elorza txikitan eta iaz ere Hernaniko atletismo taldean ibilia bada ere, aurten errugbian dabil eta lasterketan parte hartzea erabaki du, aukera polita iruditu zaiolako. «Zegaman familia dut eta ikastera nijoa hara. Bide batez, han nagoela aprobetxatuz, parte hartzea erabaki dut. Oso lasterketa luzea ez da, 10 kilometro inguru dira eta aukera polita iruditu zait mendian korritzeko». Elorzak inoiz ez du korritu izan mendian eta lehenengo proba honetarako erronka txiki bat jarri dio bere buruari: «2 ordutik behera egitea». Biharkoa ondo joanez gero, eta aukera izanez gero, ez du baztertzen beste mendi lasterketaren batean ere parte hartzea.