Pablo Barrio Lasarte Oriako alkateak aurkezle lanak egin zituen, «jakina den bezala Buruntzaldeko udalen aldetik euskararen erabilera sustatzeko programa ezberdinak martxan daude. Horien artean Baietz gurean aipatu beharra dago, kasu honetan Buruntzaldeko enpresetan euskararen erabilera normalitzatze aldera». Ekimena aurkeztearekin batera, hitz horiekin eskualdean bat egin zuten sei enpresen sinadura ekitaldiari hasiera eman zion. Gaur egungo gizartean hizkuntz bat baino gehiago erabiltzea ezinbestekoa da, are gehiago enpresaren kasuan: gaztelania, ingelesa, frantsesa eta, noski, euskara. Hizkuntzaren kudeaketa egokia egitea enpresaren jarduna kalitatezkoa den ala ez neurtzeko aldagaia da. Euskarari dagokionez, Udal administrazioarentzat kalitate planaren eta euskara planaren garapena eskutik helduta doaz. Lasarte-Oriako alkateak zentzu horretan baieztapen argia egin zuen, «Buruntzaldeko Udalok asmo sendoa dugu eskualdeko enpresatan euskara planak abian jar daitezen. Alde batetik, sustapen lan eginez eta, beste bestetik, dirulaguntzen lerroari eutsiz». 2005ean lan mundua euskaratzeari ekin zioten Buruntzaldean. Landu gabeko eremua zen eta urte gutxiren buruan aurrerapausu argiak eman dira. Baietz gurean egitasmoaren oinarriak 2010-2011. ikasturtetik indarrean daude. Urte beteko lanaren ondoren hitzarmena sinatzeko prest dauden sei enpresa berri erakarri dituzte. Agerraldi horretan bertan Luis Intxauspe Hernaniko alkateak hitzarmenaren nondik norakoak azaldu zituen, «eskualdeko enpresek kalitate eta lehiakortasun mailarik onena eskaintzea lortu nahi dugu. Euskararen erabilera testuinguru horretan kokatu nahi dugu. Baietz gurean egitasmoarekin udalon eta enpresen arteko harremanak iraunkortzeko zutabeak jarri nahi ditugu. Eta, bestetik, enpresak euskararen normalizazioaren bidera erakarri». Baietz gurean ekimenarekin bat egitea erabaki duen enpresak lehenbizi enpresaren egoera linguistikoaren azterketa egiten du. Datu bilketa baten bidez, egoera linguistikoaren `argazkia´ ateratzen dute. Datu horiek baliatuz, ehun puntuko hamar ataletan antolatutako sailkapenean, enpresa zein tokitan kokatu behar den erabakitzen dute. Gutxienetik gehienera, enpresa horren datuekin 100-1000 puntu arteko sailkapenean sartzen da. Hamar urrats dira, beraz, euskararen erabileraren garapena neurtzeko. Erabileraren arabera, enpresa 1000 puntu lortzeraino irits daiteke.
Zer egin bat egiteko?
Ekimenarekin bat egiteko erabakia hartzen duen enpresak urte beteko hitzarmena sinatzen du bere herriko Udaletxearekin. Udalak euskararen aldeko bidea egin dezan 300, 500 eta 700 euro bitarteko dirulaguntzak eskainiko dizkio enpresa horri.
Hitzarmena sinatu aurretik Naiara Santxiz Hernaniko Adarra lan tresnak enpresako kideak enpresen ordezkari gisa hitz egin zuen, «belaunaldi gazteak enpresen kudeaketaz arduratzen ari garen neurrian, hizkuntzaren erabilera beste modu batera landu behar dela konturatzen ari gara. Zergatik? Batetik, euskaraz egin ditugu ikasketa guztiak eta ez dugu enpresa euskaraz kudeatzeko inongo arazorik. Bestetik, inguruan ditugun hornitzaileak eta bezeroak bertakoak dira eta euskararen alde pausuak ematen ari direlako. Maila berean egoteko beharra ikusi dugu.
Enpresa modura guk ere gure mugak ditugu. Egunerokoan aldaketa txikiak egitea kosta egiten da, baina Baietz gurean egitasmoak lehen urratsak emateko bidea irekitzen laguntzen du. Hori dela eta, Buruntzaldeko gainerako enpresak ekimenarekin bat egitera animatu nahi ditugu».
Hitzarmena sinatu dutenek lan mundua euskalduntzen laguntzeko prest daudela diote. Esan, egin eta ekin. Eskualdeko Udaletxeen laguntza ez zaie faltako.