«Atez ateko bilketa sistema, sistema garestia eta zikina dela» adierazi du Hernaniko Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerrak, prentsa ohar baten bidez.
«Bere garaian esan genuen, eta orain mantendu egiten dugu esandakoa», azpimarratu dute.
«Ondorio bitxiak»
Atez Ateko bilketa sistemaren aurkako jarrera berretsi du Hernaniko PSE-EEk, eta horrez gain, sistemak dituen «bi ondorio bitxi» salatu ditu.
Alderdi sozialistaren esanetan, «2010eko maiatzaz geroztik, hau da, Atez Ateko hondakin bilketa ezarri zenetik, hondakinak falta dira». Era berean, Hernaniko Udalari galdetzen diote, «ea nolatan jaitsi den hondakin bilduen bolumena, Atez Ateko sistema martxan jarri zenetik».
Bestalde, «kale-garbiketa areagotu izana» ere salatzen du alderdiak. Beren esanetan, «kale-garbiketa izugarri hazi da, kaleak zikinago daude eta zaborra paperontzietara botatzen da».
«Arduragabekeria»
Hernaniko PSE-EEk Atez Ateko sistemaren aurkako jarrera berretsi du. Izan ere, «sistema garestiagoa, zikinagoa eta deserosoagoa dela» dio, eta gainera, «zaborra kalean edukita, antiestetikoagoa dela» irizten dio. Beren esanetan, «Atez Ateko bilketak iraganera itzuli beharra bultzatu du, berriro ere zaborra kalera atera beharra sortu baitu, eta uste genuen hori gaindituta zegoela».
Honen guztiaren ardura Bilduri egozten dio alderdiak. «Lurraldean toneladaka sortzen den materia organikoa kudeatzeko nahikoa azpiegitura izateko beharra dagoela, behin eta berriro azaldu dugu. Baina oraindik, Bilduk hiriko zaborrak kudeatzeko Gipuzkoarako plana aurkeztu dezan zain gaude. Arduragabeko politika jarraitzen ari da».
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako gerentea, kargutik kanpo
«Gipuzkoako hondakinen arazoa konpontzeko Bilduk erakutsi duen inprobsazioak oso kezkatuta» dituela adierazi dute Hernaniko Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerrako kideek.
Alderdiak azaldu duenaren arabera, «duela egun gutxi jakin genuen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako gerentea, kontrataziorako prozesu publiko baten bidez postu hori eskuratu zuena, kargutik kendua izan dela».
Era berean, egoera honek gipuzkoarrengan eragin ekonomikoak izango dituela ere salatu dute: «zehaztu gabeko egoera hau mantendu ezina da lurraldearentzat, eta gipuzkoarrek honen eragin ekonomikoak jasan beharko dituzte».
Ardura partekatua, Bilduk eta EAJk
Egoera honen ardura, batez ere, Bilduri egozten badio ere, Hernaniko PSE-EEk gogorarazi nahi izan du ardura partekatua dutela, bai Bilduk eta baita EAJk ere: «ardura partekatua du, baita ere, Gipuzkoako EAJk. Izan ere, Diputazioko aurrekontuak onartu zituen, Bilduk engainatu zezala utziz, hondakinen gaiaren inguruan luzamendua bultzatuta».
Salaketa hauek guztiak eginda, Hernaniko PSE-EE alderdiak Atez Ateko sistemaren aurkako bere jarrera berretsi du. Atez Ateko hondakinen bilketa, «sistema zitala» dela adierazi dute, eta lehenago esandakoak mantendu dituzte.