19.300 biztanle inguru. 27 preso. 4 presok Parot Doktrina (Asier Ormazabali aplikatu berri diote). Preso bat, gaixo larrien zerrendan. 14 gazte epaituak izateko zain. Hori da egun Hernanik preso eta iheslarien gaiaren inguruan bizi duen egoera; eta egoera hori, eta presoen gaia kalera ateratzeko asmoz, Elkartasun Astea izango da maiatzaren 15etik 19ra bitartean Hernanin, Herrira bilguneak antolatuta. Aste osoan zehar hainbat ekintza egingo dira herrian, jendearen parte hartzea bultzatzeko asmoz. Herritarren erantzuna egokia izango dela espero dute Herrirako kideek, Hernanin horretarako aukera badagoela pentsatzen dutelako. Azken finean, Elkartasun Astearen helburua da, urte osoan zehar preso eta iheslarien aldeko ekimenak egin arren, aste batean kontzentratzea, eta jendeari aste horretan zehar ekimen ezberdinetan parte hartu eta euren babesa emateko aukerak eskaintzea. Hau da, une batean preso eta iheslarien gaiak ahal den jende guztia ukitzea du helburu asteak. «Herrirak uste du aukera asko daudela lortzeko, jendea ekimen ezberdinetan parte hartzeko prest dagoela. Parte hartzeko jende asko animatu da, eta nabaritzen da gogoa dagoela», diote bilguneko kideek.
Astean zehar hainbat ekimen
Maiatzaren 15ean, asteartean, ekingo diote Elkartasun Asteari. Egun horretan, Ongi etorri Variete izeneko antzerki herrikoia egingo da 20:00etan Biteri Kultur Etxean. Antzerki hori herritarrek antolatu dute, eurak aurkeztu zuten euren burua ekitaldi hori burutzeko, eta eurak izan dira antzokia betetzeko asmoarekin geroztik antzerki hori lantzen aritu direnak. Maiatzaren 16an, udaletxean, 19:30etan hitzaldi bat egongo da Nola mugitu estatuak? izenpean. Hitzaldi honen helburua presoek bizi duten egoera azaltzea izango da; presoen eta iheslarien gaiarekin gaur egun dagoen arazoa nola gainditu daitekeen azalduko da, besteak beste. Astegunez egingo den azken ekintza hilaren 17an egingo den bertso afaria izango da, 20:00etan Santa Barbara elkartean (txartelak salgai, Garinen).
Maiatzaren 19a, urtarrilaren 7ko manifestazioaren jarraipena
Goiz-goizetik ekintzak antolatu ditu Herrirak Elkartasun Asteko azken egunean, maiatzaren 19an. Eguneko ekitaldiak 10:30etan hasiko dira, eta 22:00ak ostean amaitu. Lehenengoa Herri Krosa izango da, hau urtero egiten da Elkartasun Astearen barruan, baina aurten berezia izango da Olinpiadetako sailkapenerako ere balioko duelako. Bertan puntuak banatuko dira parte hartzaileen artean. Horrekin krosak kolore gehiago hartuko duela uste dute Herrirako kideek. Jarraian, 12:00etan Lip Dub bat egingo dute herriko alde zaharrean. Herrira bilguneak Hernaniko hainbat talderi ekimen horretan parte hartzeko aukera zabaldu zien, eta 30 ingururen baiezkoa jaso ostean, Morauk egindako abesti baten doinupean herrian giroa sortzeko asmoa dute Herrirako kideek; «Kasu honetan ere ahalegindu gara jendeak parte hartzeko ekimen bat martxan jartzen». Erakargarria izateko ezaugarri guztiak dituela uste dute kideek; formatu oso ezberdinean egindako zerbait delako. Eguneko ekitaldi garrantzitsuena Goazen Plazara ekitaldia izango da, hau 13:00etan Gudarien plazan egingo da. «Ikusi genuen urtarrilaren 7ko manifestazio jendetsuaren ostean horri jarraipena eman behar zitzaiola eta kasu honetan, bakoitzak bere herriko plaza betetzea izango dugu helburu», diote Herrirako kideek. Euskal Herri osoko herri guztietan egingo den deialdia izango da azken hau, eta bertan «herritarrei konpromisoak hartzeko eta preso eta iheslarien aldeko ekimenetan beren babesa azaltzeko deialdia luzatuko diegu, ikusten dugulako gaur egun asko dagoela egiteko eta asko dagoela aurrera ateratzeko», diote Hernaniko Herrirako kideek. Horren ostean, 15:00etan, herri bazkaria antolatuko dute (txartelak salgai, Oindi, Garin eta Riojan), eta arratsaldean enkante txiki bat egingo da. Herrirako kideek diote enkante horren helburua elkartasun ekonomikoari bultzada ematea izango dela, «Hernanik dispertsioaren eraginez dituen gastuak astakeria bat direlako eta sostengu bat ematea beharrezkoa delako». Enkante horretan, beste ekimen guztietan bezalaxe herritarren parte hartzea beharrezkoa izango da; «herritar bakoitzak egin dezakeena egingo du, eskulan bat edo dena delakoa, gero hori enkantean jartzeko», diote. Eta egunari amaiera emateko, Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxean 22:00etan kontzertuak egingo dira.
Enkanterako materiala biltzen egunero
Plazan Enkanterako materiala biltzen ari dira eta Herriratik jakinarazi dutenez, bihartik aurrera Plazan dagoen denda (Kranka ondoan) irekita egongo da egunero, 19:00etatik 20:00etara. Eskulanak, artisau objetuak... eta antzeko materialak eraman litezke.
Hernaniko egoera
«19 mila biztanle inguruko herri batean hainbeste preso izateak eragiten du familia asko ukitzea, dispertsioaren eragina Hernanin izugarria da kilometro asko direlako herritar askorentzako», dio Herrirak. Horrez gain, bizi arteko espetxe zigorra edo Parot Doktrina ezarri zaien lau preso ere badaude kolektiboan eta gaixotasun larria duten presoen zerrendan hernaniar bat ere badago: Gari Arruarte. Egoera horri gehitu behar zaio Hernanin 14 gazte daudela epaituak izateko zain. «Eskari fiskal oso altuak dituzte, kartzelara joateko arriskua dute, eta herriko presoen 27ko zerrenda hori handitzeko arriskua dago. Gatazka hau gainditzeko bidean gauden honetan, esaldi bat soilik ez den honetan, ETAk borroka armatua alde batera utzi duen honetan, eragile askok egoera gainditu behar dela uste duten honetan, herritar askok ere gauza bera pentsatzen dute eta egoera honek guztiak gaindituta egon behar luke», dio Herrirak. Hernaniko gazte hauek bizi duten egoera kontuan izanda, beharrezkoagoa iruditzen zaie jendea kalera ateratzea, eta eurak diote saiatzen ari direla ahalik eta era irekienean eta eraginkorrenean jendearengana iristen. Herrirako kideek euren lanean ahalik eta jende gehien inplikatzea nahi dute. «Gauza asko daude hitz egiteko eta asko aztertu beharko da, eta jende berriarekin bada, askoz ere hobeto. Jendeak badauka gauzak egiteko gogoa, asmatu behar da ordea, eskaintzen zaien gauzetan, pixkanaka-pixkanaka konpromiso gehiago hartu dezatela», dio Herrira bilguneak. Jendeari transmititu nahi diote gauzak beste era batera egiten saiatzen ari direla, ateak irekita dauzkatela, gauza berriak egiten ari direla, jende berriarengana iritsi nahi dutela, eta benetan sinesten dutela egiten ari diren horretan.