Errepide eta menditik, krossa maiatzean Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 13a, 02:00

herri krossek gero eta harrera haundiagoa dute euskaldunen artean, eta Umore Ona elkarteko kideek, beste hainbat era­gilerekin batera, Goizue­tako Krossa anto­latzea erabaki dute. Bi aste barru izango da, maiatzaren 27an hain zuzen, eta azaldu dutenez, helburuetako bat da aspaldian Goizuetan zegoen krossa egiteko ohitura berreskuratzea.

Partehartzea irekia, guztientzat
Krossa irekia izatea da beste helburuetako bat, hau da, edonork izatea parte hartzeko aukera. Hori horrela, txiki, gazte zein helduek eman dezakete izena, Goizuetakoak izan, hala kanpokoak izan. Txandei dagokienean, txikienak goizeko 10:30etan aterako dira; eta helduak ordu erdi beranduagoa, 11:00etan alegia.

Garai bateko zirkuitua berreskuratu dute
Helduek garai bateko zirkuitua egin beharko dute. Ibilbide honek herria inguratzen du. Plazatik atera eta bertan bukatzen da; bide erdia errepidetik egiten da, eta beste erdia mendiko senda batzuetatik. Probak 9 kilometroko luzeera du, baina zirkuitua 3 kilometrokoa da. Beraz, partehartzaileek hiru buelta eman beharko dizkiete.

Izena eman nahi dutenek Interneten dute aukera
Krossean, gehienez, 120 lagunek har dezakete parte. Nahi dutenek, aldez au­rretik eman dezakete izena www.kirolprobak.com web orrian. Izena ematearen kos­­tua 10 eurokoa da inguruko herrietako korri­ka­­la­rien­tzat. Goizuetarrek 8 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko. Aldez aurretik izena emanda, partehartzaile kupoa ez bada betetzen, egunean bertan ere izango da aukera, lasterketa hasi aurretik, Umore Ona elkartearen soziedadean (hasi baino 30 minutu lehenagora arte). Bertan izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte proban parte hartzeagatik.

Dorsalak egunean bertan banatuko dira
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, proban parte hartzeko dorsalak egunean bertan banatuko dituzte. Goizeko 10:00etatik aurrera izango dira eskuragarri Umo­re Ona elkartean. Ho­rrez gain, arropa jasotzeko gunea ere izango da, Plazan. Eta lasterketa bu­katu ostean, dutxatzeko aukera egongo da Goi­zuetako eskolan.

Sariak, aurreneko hiruentzat
Gizon zein emakumeentzat izango dira sariak. Aurre­ne­koak txapela, arkumea eta ardo botila irabaziko ditu; bigarrenak, bi txuleta eta ardo botila; eta hiru­garrenak baserriko oilaskoa eta ardo botila. Goizuetako aurreneko gizon eta ema­ku­meak ere izango du saria: oroigarria, arkumea eta ardo botila. Horrez gain, partehartzaile guztiek kamiseta teknika bat jasoko dute; eta zozketak ere, izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!