Lehengo asteburuan egin zen IX. Iurretako Bertsopaper Lehiaketa. Hernanin bizi den Iñigo Leborburuk sari nagusia jaso du, Mila pertsonaia, pertsona bakarrean lanarekin. Julian Albistur ereñotzuarrak berriz, epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, 7.000.000.000 biztanle sortarekin. Bi sarituak, Errenteriako Xenpelar bertso eskolako kideak dira. Legorburuk 3 urteko haur txiki baten bizimodua eta pertsonaia mitologikoak uztartu ditu, Xabier Silveiraren modako ETAren su-etenetik doinua erabilita. Albistur berriz, munduko superpoblazioaz aritu da, Habanera doinuan. Sarituen lanak Iurretako Udalak eta Herri Bibliotekak elkarlanean argitaratzen duten liburuan irakurri ahal izango dira, Iurretako ikastetxeetako narratiba eta bertso-paperarekin batera.
Denboraldi borobila
Bi sarituek dezenteko lana egin dute azkenaldian.
Legorburuk hainbat sari jaso ditu jada, urte honetan. Beste batzuen artean, bertsopaper eta amodio-gutunen lehiaketa batzuk irabazi ditu orain arte.
Julian Albistur berriz, ez da lehiaketatan ibiltzen, baina lehengo urteko ekainaren bukaeran, Dozenaka sortuak bertsopaper liburua argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiari esker. Bertan, bere bizitzan zehar idatzitako bertsopaperak biltzen dira.