Ez ditu ezustean harrapatu jaitsierak. Denboraldiak aurrera egin ahala, konturatu ziren zaila izango zela 3. mailan mantentzea, eta azkenean, hala izan da; Erregional Ohorezko Mailara itzuli dira.
Hala ere, Rikardo Ramos, Hernani futbol klubeko presidenteak, eta Jon Loran, koordinatzaileak, jokalariak zoriondu dituzte. «Balantze orokorra ez da, inondik inora ere, txarra izan».
Egoeraren eragina
Arrazoi asko daude maila mantentzea ez lortzearen atzean. Batetik, kategoriaren beraren exijentzia maila altua nabarmentzen dute Ramos eta Loranek. Baina bestelako egoerek ere eragin haundia izan dutela diote.
«Uholdeek ere eragin haundia izan dute guretzat», dio Loranek. «Etxean puntuak lortzea oso garrantzitsua izaten da. Baina hilabetez gutxienez, beste zelai batzuetan entrenatu eta jokatu behar izan dugu, eta azkenean, bidean gelditzen diren puntu tonto horiek nabarmendu egiten dira bukaeran».
Era berean, Ramosek «futbol gipuzkoarrari eskerrak eman» nahi izan dizkio, «ahalegin haundia egin baitute guri laguntzeko, beren zelaiak utziz. Baina egia da asko eragin zigula etxean ez jokatzeak»
Biek onartzen dute hala ere: «oso maila exijentea da 3. maila». Loranen ustetan ordea, «hasieran, oso maila ona eman genuen, eta gure maila ez da jaistekoa. Baina amateur gisa zaila da mantentzea»
Erregulartasuna, klabea
Datorren denboraldiari begira ere jarriak dira jada. Denboraldi hau bukatzeko falta den azken partidua gaur jokatuko dute, Laudioren aurka, lehen postuan dagoen taldearen aurka, hain zuzen. 18:00etan izango da, Zubipen
«Pretenporadan pentsatzen hasiak gara jada», dio Loranek. «Laudio aurkari gogorra izango da, eta igoera du jokoan. Beraz, zaila izango da irabaztea. Baina hurrengo denboraldira begira, entrenatzeko balioko digu, jokaldi berriak probatzeko...». Izan ere, datorren denboraldia nolakoa izango den aurreikusten du Loranek: «denboraldi luzea izango da, eta maratoi baten antzerakoa, partidua partiduaren atzetik. Klabea erregularra izatea izango da, eta apirila edo maiatzerako lehen postuetan egotea. Anbizioarekin jokatuko dugu, datorren urtean berriro mailaz igotzeko».
Konpromiso haundia
Ramos presidenteak, oso modu positiboan baloratu du denboraldia. Jokalariak zoriondu nahi izan ditu, batez ere, «dena eman dutelako, eta klubarekiko ere, konpromiso haundia erakutsi dutelako».
Konpromiso hori bereziki garrantzitsua da Ramosentzat. 44 urte daramazki klubeko presidente lanetan, eta «klubaren etorkizunaren onerako, errelebo gazteagoaren beharra» ikusten du.
«Kirolaren alorrean kluba asko ari da haunditzen, baina estrukturalki, ez horrenbeste. Egoera ez da batere erraza kirol klubentzat, orokorrean. Errugbilariek askotan, inbidia ematen didate, nolabait, klubari lotuta jarraitzen dutelako noizbait jokalari izandako guztiek. Hori lortzen ari gara gu orain. Lehen taldeko nukleoa oso motibatua dago laguntzeko. Administrazioan eta zuzendaritza lanetan laguntza beharrezkoa dugu, eta oso animatuta daude; eskertzekoa da erakusten duten konpromisoa».
Kluba, osasuntsu
Zuzendaritza lanetan eta kolaborazioetan laguntza behar badute ere, kirolaren ikuspegitik, osasuntsu dago Hernaniko futbol kluba.
Izan ere, 500 neska-mutil inguru ibiltzen dira futbolean; horietatik %90 inguru, hernaniarrak edo ingurukoak, eta oso maila ona erakusten ari dira.
Emakumezkoen taldea Euskal Ligara igo da aurten. Jubenilen lehen taldeak berriz, Euskal Ligan mantentzea lortu du. Eta ohorezko jubenil eta kadeteek igoera faseak jokatu dituzte. Infantilak ere, asko ari dira hobetzen. «Datu horiekin, oso balorazio positiboa egiten dugu. Nabarmentzekoa da gainera, emakumezkoek denbora gutxian izan duten hazkundea, bai kopuruan eta baita eman duten mailan ere», dio presidenteak.
Errugbilariei, zorionak
Hernaniko erreugbilarien lorpena ere gogoan du Ramos presidenteak.
«Klub bezala, zoriondu egin nahi dugu errugbi taldea. Oso erlazio ona dugu beraiekin, eta egunean bertan hitz egin nuen presidentearekin. Oso kategoria exijentera igotzea lortu dute. Meritu izugarria dute. Lehengo urtean guk lortu genuen igoera, eta aurten beraiek. Jaitsi egin bagara ere, pozik egon behar dugu. Kirolari garen aldetik, pozgarria da».