«Herritarren erantzuna, etorkizunari begira egindako apostu sendoa da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 12a, 02:00

Hernanitik Astigarragarako AHTaren obrak hasi dira jada, Osiñaga auzoan. Elorrabi eta Iparragirre sagardotegiak kamioiz, gruaz, eta hesiz inguraturik daude. Hori salatzeko, eta AHTaren aurkako herritarren jarrera adierazteko, AHT gelditu! Elkarlana plataformak mobilizatzeko dei egin die herritar guztiei. Ekainaren 2an, giza-katea eta Urumea ibaiaren jaitsiera egingo dituzte, Hernaniko AHTaren aurkako plataformarekin elkarlanean.

Urnietatik Hernanirako zatia egin ondoren, hasiak dira Hernanitik Astigarra­garako AHTaren obra egiten. «Bizi dugun krisi garaia dela eta, Estatuko beste hainbat puntutan obrak geldirik edo bertan behera utziak daudela» adierazi du AHT gelditu! Elkarlanak, eta era berean, salatu du, «hemen obra horiek abiadura haundian aurrera doazela». Horren aurka, ekainaren 2an egingo dituzten mobilizazioetarako deia luzatu zuten ostegunean, Elorrabi eta Ipa­rra­girre artean elkartutako kideek. Alde batetik, giza-katea osatuko dute, eta bestetik, Urumea ibaiaren jaitsiera egingo dute Herna­niko AHT­a­ren aurkako Plata­foma­rekin elkarlanean .

Obra haundia
Elorrabi eta Iparragirre artean elkartu zirenek adierazitakoaren arabera, «Urumea bailara honetan 800 metro luze eta beste 22 m-ko altuera dituen biaduktu bat eraikitzen ari dira, Iparragirre sagardotegitik 9 bat metrora pasako dena, hain zuzen». Gainera, «sarraski hori egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 830 milioi inguru xahutu dituztela» salatu zuten, «noiz eta, bizi dugun krisi egoera honetan; hezkuntzan, osasunean edota kulturan murrizketak egiten ari diren garaian». Era berean, «zentzurik gabeko makroproiektu hau mantendu ezina dela» azaldu zuten. Izan ere, «Espainiako beste leku batzuetan obrak guztiz geldituta daude, krisi ekonomikoa dela eta. Dagoe­neko eraiki diren beste zati batzuk berriz, bertan behera utzita daude, ez baitago mantenimendurako nahikoa diru».

Balio haundiko eremua
AHTaren aurkako jarreraren arrazoiak bat baino gehiago dira, ez soilik, bizi dugun krisi ekonomiko egoera. Horrez gain, «obrek dakarten inguruaren txikizioa, trenaren beraren errentagarritasun ekonomiko hutsala eta trenaren beraren erabilgarritasun sozial eza», makroproiektuaren kontra agertzeko arrazoi sendoak dira, AHT gelditu! Elkarlanako kideentzat. Era berean, Urumeako bailara hau hernaniarrentzat oso eremu maitatua dela azaldu dute. «Pasioan edota bizikletan jende asko ibiltzen da hemen, oso eremu maitatua da hernaniarrren artean». Horrez gain, AHTaren obrek orain arte ondo kon­tserbatutako nekazal-eremu honetan eragin bortitza dutela adierazi dute, eta eremu hau ez dela edonolakoa. «Herri-ondare aparta eta Gi­puzkoako nekazaritza zo­na­rik onenetakoa da ingurune hau, eta gupidarik gabe suntsitua, zatikatua eta hormigonatua izaten ari da. Gai­nera, AHTaren egitasmoak Uru­mea ibaiaren ertzetan eta erriberetan eragindako suntsiketa gehitu beharko zaio gero».

Babesik ez
«Egitasmo erraldoi horren funtsezko izaera anti-soziala, anti-ekologikoa eta xahutzailea, inolako zilegitasunik gabe, eta herritarren iritziari bizkar emanez eraikitzen ari direla» salatu dute. AHT gelditu! Elkarlanako kideek adierazitakoaren arabera, «Eusko Jaurlaritzak berak Euskal Yaren egitasmo osoko inpaktu haundiena eta ga­rrantzitsuena Urumea bailaran sortuko zela onartu» zuen, egitasmoak eragindako kalteen berebiziko larritasuna ai­tor­tuz» Honek, era berean, «lurraldearen kudeaketan he­rri­ek eta Udalek duten subiranotasuna zeharo zapuzten dute, modu iraingarri batean». Beraz, «ekologikoki eta sozialki mantendu ezinezkoa den hazkunde eredu honen aurkako borrokari eustea ezinbestekoa dela» azpimarratu dute, «herritarren erantzuna, etorkizunari begira egindako apostu sendoa baita».

Ekainean, mobilizazioak
Borrokari lotzeko deia luzatu zuten ostegunean, eta beraz, ekainaren 2ko mobilizazioetan par­te hartzeko eskatu zuten. 15:30etan elkarretaratzea egingo da Elorrabin, Urumea ibaiaren jaitsiera egingo dutenekin. 17:00etan berriz, giza-katea abiatuko da bertatik, Karabelera. Bertan, ibaia jaitsi dutenekin elkartu eta manifestazioa egingo da herrian.

DESJABETZEAK

Akarregi auzoan ere eragin haundia dute AHTa eraikitzeko la­nek. Bertako Zumaiberri etxe­an adibidez, desjabetze agin­dua jasoa dute, dagoeneko.
Pili Alkorta, Akarregi auzoko kidea eta Zumaiberri etxekoa bertakoa da, eta Kronikari adierazi dionez, «etxea eta lur zatitxo batzuk galduko» dituzte obren ondorioz.
Hil honen 30ean dute zita, Udalean, eta orduan emango dizkiete desjabetzearen inguruko xehetasunak: noiz arteko epea duten etxea hustutzeko, nora joango ote diren, zer eskaintzen dieten trukean...
Abokatuarekin ere elkar­tzekotan dira Zumaiberrita­rrak, baina oraingoz, ez dute esperantza haundirik: «hauxe dela dagoena esan digute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!