Maiatzaren 1ean 200 lagun inguru bildu ziren Berastegin, Gorosmendiko zelaietan eta bihar ere jendetza biltzea aurreikusten da. Orduan, Arrastoko Basurde Txakurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen eta biharkoan Euskadikoa jokatuko da. Bertan izango dira Ereñotzuko Arkaitz Etxarri eta Listo, eta Paulino Beasain eta Puma. Goizeko 09:30ak aldera hasiko da txapelketa eta eguerdirako bukatuko da. Biharko txapelketatik 4 edo 5 txakur onenak sailkatuko dira Espainiako Txapelketara. Uztailaren 30ean izango da hori.
Bigarren urtez, arrakastatsua
Iaz antolatu ziren lehenengo aldiz Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak. Etxarri izan zen bultzatzaileetako bat. «Galizian, Asturiasen, Kantabrian... oso zabaldua dago eta txapelketa ugari egiten dira. Hemen ere ikusten genuen afizio haundia badagoela, basurdetako txakurrak badaudela eta Itziarko lagun bat eta ni federazioarekin bildu ginen eta Gipuzkoako Txapelketa antolatzea proposatu genion. Federazioak baiezkoa eman eta halaxe antolatu zen txapelketa». Gipuzkoako hartan 26 ehiztarik eman zuten izena eta ondoren egin zen Euskadikoan 17k.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere antolatu ditu txapelketak, Federazioak, eta Gipuzkoakoan 19k hartu dute parte; horietatik 5 hernaniarrak izan dira. Bihar, Euskadikoan, 17k hartuko dute parte: 7 gipuzkoarrek, 5 bizkaitarrek eta 5 arabarrek.
Finalera pasaz gero, gustora
Etxarrik Listo sabuesoa du lagun. 2 urte beteko ditu astelehenean eta iaz oraindik txakur kumea zela hartu zuen parte Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan. Sorpresa ederra eman zuten. Gipuzkoakoan 6garren geratu ziren eta Euskadikoan 4garren. Hori horrela, Espainiako Txapelketan ere parte hartu zuten.
Aurten, txakurrak esperientzia gehiago izanik, emaitza hobeak lortzen ari dira. Apirilaren 21ean, esaterako, Irunberriko Kopa irabazi zuten eta Gipuzkoakoan 3garren geratu ziren. Dena dela, kontuan izan behar da bigarrena bizkaitar bat izan zela. Biharkoari begira, zer espero duen galdetuta, txakurraren eta eguraldiaren gain egongo dela dio Etxarrik, «baina finalera pasaz gero, gustora geratuko nintzateke».
Finalean, zailtasun gehiago
Finalera, 5-10 txakur onenak pasatzen dira, hori parte hartu duten txakur kopuruaren arabera izaten da. Eta finalean zailtasun gehiago izaten dela dio Etxarrik. «Begetazio gehiago dagoen lekutik pasatzen bada basurdea roze gehiago dago eta arrasto gehiago uzten du. Finalean, ordea, belar motza dagoen lekutik pasatzen dute basurdea eta 3-4 ordu beharrean, lehenago, eta arrastoa harrapatzen zailagoa da.
14 urtetatik basurdetan
Etxarri aspalditik ibiltzen da basurdetan. 14 urtetatik Huescara joan ohi da ehizera. Han lagunak egin eta txapelketak ikusten hasi zen, Galizian, Kantabrian... Txapelketetan parte hartzera animatu zuten eta hortik datorkio afizioa.
Txapelketarako bakarrik ez
Listo txakurra, txapelketetarako oso txakur ona dela dio Etxarrik eta askok komentatu omen diote lehiaketetarako bakarrik erabili beharko lukeela eta ez zaiola komeni ehizera eramatea. Izan ere, ehizean arrastoa jarraitzeaz gain, beste hainbat lan ere egin behar izaten ditu txakurrak. «Ehiztari askok txakur batzuk arrastoa jarraitzeko erabiltzen dituzte eta beste batzuk gainerako lanak egiteko. Nik ordea, ez dut txakurra lehiaketarako bakarrik nahi. Ez dut etxean edukiko eta lehiaketetan bakarrik aterako», dio Etxarrik.
Txapelketaren nondik-norakoa:
Lehenengo, lehiaketa egingo den zelaian basurde domatu bat pasarazten dute eta epaileak markatu egiten du basurdea nondik pasa den.
3-4 ordutara gutxigorabehera, txapelketa hasten da. Zozketa egiten da parte hartuko duten txakur guztien artean eta banaka-banaka, txandatzen joaten dira.
Txakur batek 2-3 minutu egiten ditu eta ondoren txakur horrek bukatu duen lekuan beste batek beste hainbeste egiten du. Horrela bata bestearen atzetik. Arrastoa garbi egoteko.
Zer hartzen da kontuan?
Basurdeak egindako bidearen perpendikularrean abiatzen da txakurra eta arrastoaren linean sartzera doanean edo harrapatzen duenean zaunka egiten duen kontuan hartzen da.
Zenbat zaunka egiten duen ere bai.
Zaunka mota.
Zaunkaren maiztasuna.
Tranpak ere izaten dira eta horiekin despistatzen den edo ez.
Basurdeak egindako bidetik asko ateratzen den.
Txakurrak 5 metroko sokarekin lotuta egoten dira eta jabeak tiratzen dion edo ez.
Epaileak zakurra geratzeko eskatzen duenean kasu egiten duen...