Itialia, Estatu Batuak, Katalunia eta Indiako hondakinetan adituak izan ziren atzo Hernanin, Europa Zero Zabor mugimenduarekin batera, Atez Atekoa bisitatzen. Europa mailako Kongresua izango da gaur eta bihar Donostian, Zero Waste Europe izenekoa, eta aldez aurretik, Hernani eta Usurbil herriak bisitatu nahi izan zituzten, hondakin sistemak nola funtzionatzen duen ikusteko.
Ongi etorria Udalean
Paul Connett estatubatuarra, Enzo Favoino italiarra eta Joan Marc Simon kataluniarra izan ziren, besteak beste, Hernani bisitatu zuten pertsona aipagarriak. Luis Intxauspek egin zien ongietorria, Udaleko zinegotzi eta teknikariak lagun zituela; eta Hernanin Zero Zaborreko kideak ere, bertan izan ziren. Alkateak gogoratu zien, aste honetan bi urte bete direla Hernanin hondakinak Atez Ate biltzen direla, eta prozesu honen hasieran, horietako asko parte izan zirela: «guretzako erreferente izan zineten, eta zuek transmititutakoa eta erakutsitakoa garrantzitsua izan zen».
Egun, sistema erabat egonkortua eta asentatua dagoela azaldu zien, eta horri esker, Hernanin hondakinen %80a birziklatzen dela azpimarratu zuen: «oso pozik gaude herritar guztiok egiten dugun esfortzuarekin. Gainera, Hernaniren eta Atez Atekoa duten beste herrien esfortzua eredu da Gipuzkoan, egun izaten ari den Zero Zabor politika eta gaikako bilketa martxan jartzeko».
Intxauspek esker hitzak ere izan zituen bertaratutako guztientzat. «oso motibagarria da zuen bisita». Herria erakutsi aurretik, joan den urteko Europa Zero Zaborreko kongresuan izandako anekdota bat kontatu zuen: «Hitzaldi bat eman nuen bertan, eta Hernaniko zintzilikarioen berri eman nuenean, Paul Connett liluratuta geratu zen, interes haundia erakutsi zuen. Azkenean iritsi da ezagutzeko eguna».
Kaxkoko sistema ezagutu zuten, lehendabizi
Tilosetako pelotalekuan egin zuten aurreneko geldialdia. Bertan azaldu zien Intxauspek, Kaxkoa gune berezia dela hondakinak biltzerako garaian, eta horregatik, zintzilikario sistema ezberdinak daudela bertan. Gogorarazi zuen, sistema martxan jarri zenean aukera ezberdinak bilatu zirela, bizilagunei egokitzeko: «komunitarioa, portal barrukoa, zintzilikario arruntak... Aukera diferenteak bilatu ziren, bizilagunei ondo egokitzeko. Zintzilikario hauek eta guztiek dute identifikazio zenbaki bat, bizilagun bakoitzak jakin dezan bere kuboa non jarri».
Intxausperen azalpenen ostean, bisitariek galderak egiteko aukera izan zuten: Nola jasotzen dituzte hondakinak? Zenbat egunetan? Gaizki ateratzen dutenekin zer gertatzen da?... Alkateak guztiak erantzun zituen, eta erantzun horietako batzuk hauek izan ziren: «Pelotaleku atze honetako hondakinak biltzeko, langileak kubo haundi batekin etortzen dira honaino. Hondakinak horra ustu, eta hortik kamioira eramaten dituzte. Gaizki egiten dutenei, abisatu egiten zaie. Aurrerantzean arazoa konpontzen ez bada, espedientea irekitzen zaie, eta kasurik okerrenean, isuna jartzen zaie, 150 euro ingurukoa»
Paul Connett: «Beste inon ez dut parekorik ikusi»
Paul Connett kaliforniarrak ilusio berezia zuen zintzilikarioen sistema ikusteko, eta pelotaleku atzetik atera zenean ondorengo hitzak esan zituen: «soluzio oso elegantea eta kreatiboa iruditu zait. Zalantzarik gabe, eredu izan beharko luke honek. Munduan, beste inon ez dut ikusi parekorik». Garestiagoa edo merkeagoa den galdetu ziotenean, Connettek erantzun zuen: «Inzineradora askoz garestiagoa da, teknologia aldetik konplexuagoa... eta osasuna kontuan izango bagenu, zer esanik ez. Atez Atekoarekin gainera, jasotzen dena berrerabili egiten da, birziklatu».
Kaleko zakarrontziak, portal barruko zintzilikarioak...
Pelotaleku atzeko azalpenak entzunda, herrian barrena ibili ziren bisitariak, Alkateak gidatuta. Izpizua kaleko zintzilikario arruntak ikusi zituzten lehendabizi, eta Kardaberaz kalean, portal baten barruan dauden zintzilikarioak ondoren. Tartean, kalean zehar dauden edukiontziak ere erakutsi zizkieten, eta ibilbidea Txantxillan bukatu zuten. Bertan, eraikin berrietan legea nola aplikatzen den erakutsi zien Alkateak, eta etxebizitza berriek zuten hondakin gela ikusi zuten.
Kongresua, gaur eta bihar
Europa Zero Zaborreko kongresua gaur eta bihar izango da. Gaur goiz eta arratsalde izango dira hitzaldi eta ekitaldi guztiak; eta bihar, goizean. Guztiak, Aieteko Jauregian.