«Atez Atekoa ondo integratu da familietan, onarpen sozial oso zabala du Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 11a, 02:00

Atez Ateko bilketak bi urte hauetan utzi dituen datuak azaldu zituzten atzo Biterin; eta on­do­ren balantzea egin zuten. Etorkizunera begira dituzten helburuak eta hobetu beharrekoak ere, aipatu zituzten.

Bi urte bete ziren asteazkenean Hernanin Atez Ateko sistema martxan jarri zenetik. Herritarrei lorpenak, datuak eta erronkak azaltzeko asmoarekin, hitzaldia antolatu zuen Hernanin Zero Zabor taldeak atzo arratsaldean Biterin. HZZ taldeko bi kidek eta Luis In­txaus­pe alkateak eman zituzten datuak.

Hernanin 5.522 tona hondakin jaso ziren 2011n
2011n Atez Atekoak utzi zituen datuak eman zituzten lehendabizi. Udalak emandako datuen arabera, 5.522 tona hondakin jaso ziren Her­na­nin 2011n; 285 tona inguru biztanleko. Horietatik bereizita 4.407 tona jaso zirela azpimarratu zuten, hau da, hondakinen %79,8. Beste 1.115 tonak berriz, errefusa izan zirela gaineratu zuten. Azalpenean jakinarazi zutenez, hilabete guztietan antzeko jasotzen da: «ez da aldaketa haundirik izaten. Daturik onenak abuztukoak izan ziren, %82,4 birziklatu baitzen; bajuenak berriz, abendukoak izan ziren, %78,2 birziklatuta».

Organikoa, Atez Ate gehien jasotzen den hondakina
Jasotzen diren hondakinak ba­naka aztertu zituzten on­do­ren. Azaldu zutenez, organi­koa da gehien jasotzen dena, %34a: «horietatik 1.489 tona atez ate jaso ziren eta 397 tona autokonposta ziren. Errefusa da gehien jasotzen den bigarren hondakina, %20,2a. Kasu honetan, atez ate 720 tona jaso ziren eta kale garbiketetan 393 tona. 2011ko gainerako hondakin kopuruak ondorengoak izan ziren: pa­pera eta kartoia, %14,6a; bestelakoak, hau da, pilak, jardineritza, olioa... %11,4; beirak, %10; eta ontzi arinak, %9».

448 familia gehiagok egiten dute autokonposta
Datuekin jarraituz, azaldu zuten Atez Atekoaren aurretik 182 familiek egiten zutela autokonposta Hernanin, eta orain 630ek egiten dutela. Horiez gain, simaurrerako, olioa egiteko edo txerrijana egiteko erabiltzen duten familiak ere badirela gogoratu zuten, 46 hain zuzen. Hala ere, kanpaina berri baten beharra dagoela azaldu zuten. Horrez gain, epe motzean bultzatu nahi duten auzolaneko konposta ere aipatu zuten: «lehenengo esperientzia 2012­an jarriko dugu martxan, familia asko baitaude interesatuta». Bestalde, organikoaren ka­li­tateari dagokionean, garbitasuna %99,86koa dela esan zu­ten.

«Emaitza onak»
2011ko datuak eman ostean, bi urtetako balantzea azaldu zu­ten. Orokorrean, emaitzak onak direla zioten, eta errefusa %20tik jaisteko au­ke­ra zegoela ere gaineratu zu­ten. Herritarren harrerari dagokionean adierazi zuten, sistema ondo txertatu dela familien egunerokotasunean: «normaltasunean sartu da eta onarpen soziala oso zabala du». Atez Atekoak sortutako lanpostuak ere, ekarri zituzten gogora. Azaldu zuten, hondakin kudeaketan 13 lanpostu sortu dituela Hernanin: «ku­deaketa eredu aurrerazalea dauka Hernanik. Hondakinen inguruan, herritarren heziketa hobetu da».

«Hondakin gutxiago sortzen da»
Ingurumena eta osasun politikak kontuan izanda, azpimarratu zuten 2008an 5.219 tona eraman zituela Hernanik bertederora; eta 2011n 1.115: «hondakin gutxiago sortzen da; batetik, krisiak eraginda; eta bestetik, herritarrek hobeto kontsumitzen dutelako. Her­nania­rrok ohartzen gara gure ahalegina inportantea izan dela Gipuzkoan errauste plantarik egin ez dadin».

«Kontsumo arduratsuan urratsak eman dira»
Bi urte hauetan egin diren kan­painak ere, aipatu zituzten: arrainarentzako tuperrak, pix­oihal berrerabilgarriak, plastikozko poltsak, es­ne makina, komertzioetan granelean sal­tzea, bigarren eskuko dendak, baserritar eta kaletarren arteko kontsumo taldeak... Guzti hauek kon­tsu­mo arduratsuaren alde emandako urratsak direla gogoratu zuten.

Hernani, eredu
Atez Atekoaren arloan, Her­nani eredu erakargarria dela ere, esan zuten: «Gipuz­koako herri askotatik datoz bisitan. Eztabaida Gipuzkoa­ra zabalduta, orain, oso ez­berdin ikusten da Hernanin hasieran izandako polemika. Mundu mailako Zero Waste mugimendua ere fijatu da gure herrian».

Aurrera begira hobetzekoak
Bukatzeko, 2012 hasierako aur­rerapausoetako bat Gar­bi­gunea izan zela azaldu zuten. Eta etorkizunera begira, hobetu beharreko hainbat gauza badaudela ere esan zu­ten: «kanpainatan kontrol gehiago, zenbait gune hobeto kontrolatu, larrialdi guneak hobetu...».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!