Atez ateko hondakin sistema orain bi urte jarri zen martxan Hernanin, 2010eko maiatzaren 9an hain zuzen. Ordutik hona, herritarrek gaika banatzen dituzte euren hondakinak: organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira. Udalak berriz, egunean dagokion gaia biltzen du, atez ate. Horiez gain, autokonpostajea etxean egiten duten herritarrak ere badira. Udalaren hurrengo helburuetako bat da hau bultzatzea, eta epe motzean asmoa dute auzoz auzo autokonpostaje komunitarioa egiteko aukera garatzea.
Garbigunea, azken pausua
Udalak apirilaren erdialdean inauguratu zuen Garbigunea, eta azaldu zutenez, hori izan da aurten eman duten aurrerapausuetako bat. Ibarluze poligonoan dago, arraun elkartearen ondoan, eta astean sei egunetan dago zabalik. Ordutegia: astean zehar, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta larunbatetan 10:00etatik 15:00etara.
2011n %78a birziklatu da
2011 izan da Atez ateko sistemak urte osoan zehar funtzionatu duen aurreneko urtea (2010ean maiatzean jarri zen martxan). Hori horrela, azken urte horretako datuek erakusten dute urtean zenbat birziklatu den. 2011n 5.124 hondakin tona jaso ziren Hernanin, eta horietatik 4.009 izan ziren gaika bildu zirenak; gainontzeko 1.114 tonak erreusa izan ziren. Datu horiek kontuan izanda, Hernanin, gaika, hondakinen %78a birziklatu zen (datu guztiak, ondoko taulan).
Udala: «Zorionak herritar guztiei egindako lanagatik»
Udalak Kronikara bidalitako oharrean azaldu du hernaniarren ohitura aldaketa txiki bat nahikoa izan dela hondakinen kudeaketa iraultzeko: «Atez atekoaren emaitzak izugarriak izan dira. Zaborra izugarri murrizteaz gain, gaikako bilketa kopurua munduan aintzidari diren herrialdeen pare jarri dugu. Atez ateko bilketa martxan jarri aurreko urtean, 2009an, gaikako bilketa % 30ekoa zen, eta 2011n %80 ingurukoa». Horrez gain, udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei egindako lana eta ahaleginagatik: «horri esker lortu dira emaitza horiek, beraz, eskerrik asko. Gure ingurumenak eta etorkizuneko belaunaldiek eskertuko digute».
Atez atekoaren balantzea bihar, Biterin
Hernanin Zero Zabor taldeak deituta, Atez atekoak bi urte hauetan emandako fruituen balantzea azalduko du Udal taldeak bihar. Biterin izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta Luis Intxauspe alkatea bertan izango da. Emaitzez gain, aurrera begira dituzten helburuen berri ere, emango dute. Baita ere, Oñatiko militanteek plazaratutako bideo berria aurkeztuko dute, Erraustegiari ateak ixten izenekoa. Bideoa Hernaniko zenbait puntutan izango da salgai, 5 euroan.
Bestalde, HZZetik gogoratu nahi dute ostiralean Europa ZZekoek Hernani bisitatuko dutela, Donostiako biltzar nagusiaren aurretik.
DATUAK Tonatan
2010*
Autokonpostajea 330,707
Organikoa 917,820
Papera eta kartoia 854,256
Ontzi-arinak 440,000
Beira 585,717
Besteak 531,958
Jardineritza 287,800
Pilak 0,919
Oihalak 58,087
Sukalde olioa 10,352
Tamaina handikoak eta egurra 174.800
Gaikako bilketa guztira 3.329,751
Erreusa 2.163,860
Kale garbiketa 248,400
Erreusa guztira 2.412,260
Bildutako hiri hondakinak guztira 5.742,011
*(Atez atekoa maiatzaren 9an jarri zen martxan. Datuak bi sistemak kontuan izanda bildutakoak dira)
2011*
Autokonpostajea 397,338
Organikoa 1.487,190
Papera eta kartoia 806,370
Ontzi-arinak 516,100
Beira 569,837
Besteak 630,268
Jardineritza 457,120
Pilak 0,251
Oihalak 81,222
Sukalde olioa 6,457
Udal zerbitzuek bildutako RAEEak 1.388
Tamaina handikoak eta egurra 83.830
Gaikako bilketa guztira 4.009,765
Erreusa 721,880
Kale garbiketa 393,080
Erreusa guztira 1.114,960
Bildutako hiri hondakinak guztira 5.124,725
*(Atez atekoarekin jasotako datuak, urtarriletik abendura)