Hernanin langabetuen elkartea sortzeko aurreneko bilera egin zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 8a, 02:00

Gipuzkoako beste hainbat herrietan bezala, Her­nanin ere langile langabetuen elkartea sortzeko aurreneko pausua eman dute. Atzo eguerdian egin zuen aurreneko deialdia Orereta­ko Langa­betuen elkarteak, eta 20 lagun inguru elkartu zi­ren Tilo­setan. Oreretako el­karteak bilatzen du Her­naniko langabetuak aktiba­tzea, eta aurrerantzean, el­karte edo asanblada bat sortuta, maiztasun batekin el­kartzea.


Hernanin, 1.100 langabetu inguru
Lanbideren datuen arabera, Hernanin 1.100 langabetu inguru daude, eta Oreretako elkarteak azaldu zuenez, guztiek elkartuta egin behar dute indarra: «beharrezkoa da Hernanin ere, langabetuak elkartzea, kaleak har­tzea, arazo bat dagoela azaleratzea, eta dekalogo edo manifestu bat egitea. Inguruko herrietan astean behin elkartzen direla azaldu du elkarteak; Urnietan esaterako, asteazkenetan elkar­tzen dira, eta hori litzateke Hernanin eman beharreko pausua. Herritako taldeez gain, gaineratu zuten Gipuzkoa mailan ere badela langabetuen elkartea. Hauek hilabetean behin elkartzen direla azaldu zuten.

Manifestuan, besteak beste, eskaerak
Hernaniko taldea osatuko ba­litz, aurreneko pausua, manifestu bat egitea litzateke. Oreretako elkarteak azaldu zuenez, besteak beste, egin beharreko eskaerak hauek lirateke: «etxerik gabe utzi dituztenekin erabateko elkartasuna eta babesa adieraztea; Estatuan aplikatzen ari diren neurriak Euskadin ez aplika­tzea; Hego Euskal Herriko langile langabetuak elkartu eta aktibatzea; zenbat langabetu dagoen jakitea, hau da, zenbat emakume, zen­bat gizon, zenbat gazte, adin-tarteak...; sindikatuei be­raien lana egin dezatela exijitzea; Udalei lan sozialean inberti­tzea exijitzea, eta baita ere herriko jendea kon­tra­tatzea exijitzea; infraestruktura haundien aurka azal­tzea, hala nola, superportua, AHT...; eliza eta militarrei ematean zaien diru partidaren aurka egotea, eta abar».


Hego Euskal Herriko lau kapitaletan, mobilizazioak
Probintziaka, mobiliziazioak egingo dituzte maia­tzean, He­go Euskal Herrian. Au­rreneko biak maiatzaren 20­an izango dira, Iruñean eta Gas­teizen. Handik astebetera, maiatzaren 26an egingo dituzte Donostian eta Bilbon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!