Ekolapiko proiektua, Biolur Elkartearen, Kristina Enea Fundazioaren eta Donostiako Udalaren artean, 2007an sortutako ekimena da. Egun, Kutxa Ekoguneak, Landa Garapen Elkarteak, Behemendik, ENEEKek eta Manttangorri enpresa banatzaileak babesten dute proiektua. Helburua da, sukaldea bertan duten eskoletan produktu ekologiko eta osasuntsuak erabiltzea. Gaur egun, ondorengo zentroetan dago martxan proiektua: Donostiako Zuloagako Haur Eskolan, Oiartzungo Haurtzaro Haur Eskolan, Beasaingo Andra Mari Ikastolan, Usurbilgo Haur Eskolan, Oreretako Uztargi Haur Eskolan eta Segurako Aterpetxean. Hil honen erdialdetik ekainera bitartean berriz, Hernaniko Haur Eskolan jarriko dute martxan esperientzia pilotua. Hernaniko Haur Eskola Partzuergoak kudeatzen badu ere, bertako sukaldea Udalaren ardurapekoa da. Hala, 2010ean Ekolapiko proiektua martxan jartzeko lehen ahaleginak egin ziren, eta azkenean, orain jarriko da martxan. Kistiñe Lujanbio, Hezkuntza eta Enplegu Zinegotziaren esanetan, «hezkuntza Haur Eskoletatik hasten da, eta jangelak garrantzitsuak dira. Elikagai ekologikoen, osasungarrien, garaian garaikoen eta tokian tokikoen kontsumoa bultzatzea ezinbestekoa da».
Tokian tokikoa,
garaian garaikoa
2010ean Ekolapiko proiektua martxan jartzeko Hernaniko Haur Eskolaren ikerketa egin zen. Orain, berritu egin dira txosten horretako datuak. Sabrina Pato, Ekolapiko proiektuko dietistak azaldu du «Hernaniko Haur Eskolako menuak oso onak direla, baina pausu bat aurrera egin daitekeela, produktu ekologikoak sartuz».
Pediatrek, normalean, urte osoan barazki bera kontsumitzea gomendatzen dute, eta Sabrinaren arabera, «gomendio hori errespetatuko da. Hala ere, garaian garaikoa eta tokian tokikoa kontsumitzea bultzatu nahi da».
Modu horretan lortzen dena zera da: «Batetik, natura bera errespetatzea, lurraren berezko ezaugarriak aprobetxatzen baitira garaian garaikoa eta tokian tokikoa landatuz eta biodibertsitatea bultzatuz. Bestetik, animalien bizi-zikloa eta bizi-kalitate ona mantentzea. Guztiarekin, ongarri kimikoak, aldaketa genetikoen beharra, antibiotikoak... baztertzen dira, eta elikagai natural eta osasuntsuak lortzen dira».
Altuna baserriko barazkiak
Hernaniko Haur Eskolan barazki eta arrautza ekologikoekin egingo da lehen proba, eta produktu horiek Imanol Aranak ekarriko ditu, Altuna baserritik.
Hala ere, ezinezkoa izaten da batzuetan behar adina produktu ekoiztea, naturaren menpe baitago, neurri haundi batean, nekazaritza ekologikoa. Horrexegatik, Hernaniko denda batetik ere ekarriko dira produktuak. «Modu horretan, herriko ekonomia ere bultzatzen da. Horixe da bigarren helburua; gure inguruaren garapena bultzatzea».
Prozesu parte-hartzailea Ekolapiko proiektuko teknikariek, Haur Eskolako sukaldariei laguntzen diete menuak prestatzen eta beharrezko produktu ekologikoak lortzen. Era berean, gurasoak, hezitzaileak eta haurrak ere kontuan hartzen dituzte. Horregatik, sukaldaritza tailerrak edota elikadura hitzaldiak ere emango dituzte, «haurrek, etxean ere osasuntsu jaten jarrai dezaten». Baserrietara ibilaldiak ere antolatzen dira, haurrek ikusi dezaten janaria nondik datorren, eta ingurua ezagutu dezaten. Esperientzia pilotua amaitzerakoan berriz, balorazio orokorra egingo dute, haurren egokitzapena, sukaldari eta hezitzaileen esperientzia eta gurasoen iritzia jasota. Jarraitzea erabakiz gero, printzipioz, irailetik abendura arte luzatuko da proiektua. Ondoren, pixkanaka, menuan produktu ekologikoak gehitzeko aukera izango da.
Zer dira elikagai ekologikoak?
Elikagai ekologikoak eredu ekologikoa jarraituz ekoiztutako lehengaiak dira. Horrek zera esan nahi du: lurraren emankortasuna eta ekosistemen eta gizakien osasuna mantendu eta indartzen duten elikagaiak ekoizteko prozesua jarraituz ekoitzi diren produktuak direla, alegia.
Lehenik eta behin, ingurumena bera hartzen da kontuan. Ingurumen osasuntsu eta garbi batean ereiten dira haziak.
Bestalde, ziklo naturalak ere kontuan hartzen dira. Hau da, biodibertsitatean eta lekuan lekuko zikloetan oinarritutako nekazaritza eredua erabiltzen da. Horrela, gehigarri kimikoak erabiltzea saihesten da. Izan ere, lurraren beraren berezitasunak eta ziklo naturalak aprobetxatzen dira, lekuan lekuko eta garaian garaiko haziak ereiteko. Animaliak ere, landa eremu libreetan hazten dira, janari naturalarekin eta beren bizi-zikloa errespetatuz.
Produktu ekologikoen bereizgarria
Elikagai ekologikoen ontziek, etiketan, Europar Batasuneko logo ekologikoa agertzen da: ‘eurohostoa’ bezala, ezaguna. Euskadin ziurtatutako elikagaiek berriz, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologiko Kontseiluaren (ENEEK) kodea (ES-ECO-026-VAS) eta zigilua izaten dituzte.
Aldiz, ontzirik gabe saltzen diren elikagai ekologikoen kasuan, aukerakoa da europar logoa erabiltzea.
Elikagai ekologikoen abantailak:
l Osasuntsuak eta elikagarriak dira.
l Ez dute gehigarri sintetikorik.
l Ez dute genetikoki aldatutako organismorik (hau da, ez dira transgenikoak).
l Ez dute antibiotikorik.
l Kalitate maila gorena dute.
l Ingurumenarekiko jasangarriak dira.
l Animalien ongizatearekiko errespetua dute.
l Naturarekiko ere errespetua dute.
l Zaporetsuak dira, oro har.