Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa datorren astebu-ruan hasiko da eta ostegunean egin zuten aurkezpen ekitaldia. Aurten, 18 herrik hartuko dute parte eskuko lehian eta tartean izango da urtero bezala Hernani, iazko txapelduna. Bi urtetan jarraian azpitxapeldun geratu ostean iaz lortu zuten txapelak janztea. Iazkoarekin, bosgarren aldiz izan da txapeldun Hernani. Txapelketa datorren asteburuan hasiko da eta Hernani maiatzaren 27an sartuko da txapelketan, final zortzirenetan. Amezketa edo Arrasate izango du aurrez aurre. Eskuko lehiaz gain, palan 10 herrik hartuko dute parte eta zesta-puntan 4k.
Iazko aukera berdinak
Hernani saiatuko da tituluari eusten, baina ez dela erraza izango aitortu dio Kronikari Rufino Rekalde Pelota elkar-teko arduradunak. «Lehengo urteko antzeko taldea dugu eta aukera berdinak izango ditugula iruditzen zait; hau da, lortu dezakegu, baina ez da erraza izango. Zorteak ere zerikusi haundia dauka eta iaz izan genuen, Oiartzunen aurkako partiduan jokalari bat lesionatu zen».
Aitor Gorrotxategi azpitxapeldun GRAVN Torneoan
gravn Torneoko Ezker Hormako Txapelketako finalak ari dira jokatzen asteburu honetan eta ostiralean, senior mailan, Aitor Gorrotxategi hernaniarrak Azpeitiako Larrañaga pelotariarekin jokatu zuen Yoldi-Linzoain bikote nafarraren aurka. 22-7 galdu zuten. Hernaniarra gustora geratu zen egindako partiduarekin, nahiz eta emaitza nahi bezain ona ez izan. Norgehiagoka luzea eta gogorra izan zen eta aurrelari nafarraren jokoa nabarmendu zen.
Lau hernaniar finalean, gaur Gasteizen
Gaur txapelketa berdineko beste hiru final jokatuko dira eta lau pelotari hernaniar lehiatuko dira txapela irabazteko. Paleta jubeniletan, Amaia Irazustabarrenak eta Maider Semperrek Bizkaiko bikotearen aurka jokatuko dute 10:00etan, Gasteizko Mendizorroza pelotalekuan. Hernaniarrak faborito dira. Paleta seniorretan, berriz, Goiatz Manzisidorrek Anoetako Mendizabal pelotariarekin Arabako bikotearen aurka jokatuko du, 11:30etan Gasteizeko Mendizorrozan. Gipuzkoarrak dira faborito.
Eta eskuz binaka, sub 22an, Ioritz Arrietak Arrasateko Bolinagarekin Ansotegi-Pazos bikote nafarraren aurka jokatuko du, 11:30etan Gasteizko Ogeta pelotalekuan. Norgehiagoka parekatua espero da.
Huizi txapeldun, Oiartzungo Torneoan
Hernaniko 3 palatarik Oiartzungo Torneoko bi finaletan parte hartu zuten atzo eta jubeniletan, Maider Huizi hernaniarrak eta Gabirondok 25-24 irabazi zieten Maider Semper hernaniarrari eta Gallurralderi. Maila oso ona eman zuten bi atzelari hernaniarrek, eurek markatu zuten jokoa eta partidu ikusgarria izan zen.
Seniorretan, Goiatz Manzisidorrek Orioko Beldarrainekin 25-22 galdu zuen Garmendia eta Errastiren aurka.