Ikastola bukatu eta etorkizunera begira jartzen dira 16 urterekin, Hernaniko gazteak. Zein profesio ikasi nahi duten jakitea ez da erraza izaten, baina gutxi gorabehera, euren ikasketak nondik bideratu nahi dituzten erabakita izaten dute gehienek. Hernani Institutuak bi batxilergo eskaintzen dizkie, Giza eta Gizarte Zientzietakoa eta Zientziak eta Teknologietakoa. Izena eman nahi dutenentzat, aurrematrikulazio epea zabaldu dute maiatzaren 11 bitartean. Ordutegia, berriz, ondorengoa da: astelehen, astearte eta ostegunetan, 08:30etatik 16:30etara; eta asteazken eta ostiraletan 08:30etatik 14:30etara.
Hiru motatako ikasgaiak: orokorrak, modalitatekoak eta aukerakoak
Batxilergoko edozein modalitate aukeratuta ere, ikasle guztiek ikasgai orokorrak izango dituzte; hau da, derrigorrez egin beharko dituztenak.
Horiez gain, hautatzen duten batxilergoaren arabera, beste 4 ikasgai aukeratu ditzakete; horietako hiru modalitateko ikasgaiak izango dira, eta bakarra, aukerakoa. Ana Goena Institutuko ikasketa buruak Kronikari azaldu dionez, ikasleek aukeratzen dituzten 4 ikasgaiak etorkizunera begira hautatukoak izaten dira, hau da, ondoren egingo dute Goi Mailako Zikloaren edo Graduaren araberakoa (modalitate eta aukerako ikasgai guztiak, ondoko koadroan daude).
100 ikasle inguru
aurrematrikulatuko dira
Hernani institutuan 200 ikasle inguruk ikasten dute urtero, lehenengo eta bigarren urteetan banatuta. Goenak dioenez, bi batxilergoek ikasle kopuru parekatua izaten dute, hau da, erdi eta erdi banatzen dira, gutxi gorabehera.
Aurtengo aurrematrikulazioari dagokionean, aurreikusten dute 100 ikasle inguruk emango dutela izena Hernani Insitutuan.
Hernani zein ingurukoak
Ikasleei dagokienean, gehienak hernaniarrak izaten dira. Hala ere, asko dira inguruko herrietatik Hernanira etortzen direnak; hala nola, Urnietatik, Astigarragatik, Goizuetatik, Aranotik. Horien artean, Goizuetakoak dira joera haundiena dutenak.
Ingelesa indartzeko
hainbat ekimen
Badira ikasturte batzuk Institutuan, ingelesa indartzeko saiakera berezia egiten ari direla. Ikasketa buruak azaldu duenez, ikasketa batzuetan gai batzuk ingelesez lantzeko aukera dago, eta testuak eta bestelako materiala hizkuntza horretan ematen dizkiete ikasleei.
Horrez gain, irakasle laguntzaile bat ere badute Institutuan, ingeles natiboa dena, eta ikasleei ahoskera lantzen laguntzen diena. Eta hori guztiaz gain, hitzaldiak ere antolatzen dituzte ikasturtean zehar, ingelesez, noski.
Comenius programarekin, Hungaria eta Errumaniara
2011ko irailetik, Hernaniko Institutua Europako Comenius programan ari da parte hartzen. Besteak beste, helburua da, Batxilergoko lehenengo mailako ikasleek ohitura osasuntsuak lantzea Europako beste eskoletako ikasleekin. Aurten Danimarka, Belgika eta Estonian izan dira 4 egun, eta datorren ikasturtean hango ikasleak etorriko dira Hernanira. Hemengoak berriz, Hungaria eta Errumaniara joatekoak dira.
Antzerki taldea, aisialdian
Aisialdiari ere garrantzia ematen diote Institutuan, eta azken urteetan antzerki taldean hartzen dute parte nahi duten ikasleek. Kurtso bukaeran, landutako antzezlana aurkezten diete herritarrei, Biterin.
«Comenius programaren helburuetako bat da Europako sei herrialdeetako ikasleek ohitura osasuntsuak lantzea. Hernaniarrek Danimarka, Belgika, Estonia, Hugaria, Errumania eta Erresuma Batuko ikasleekin egiten dute elkartrukea»
1go Batxilergoa
Giza eta Gizarte Zientziak
-Ikasgai Orokorrak
-Modalitateko ikasgaiak
-Historia Garaikidea
-Latina I
-Ekonomia
-Giza eta Gizarte Zientziei aplikatutako matematika I
-Aukerako ikasgaiak
-Frantsesa
-Euskal Herriko historia
-Informazioaren eta komunikabideen teknologiak
-Psikologia eta soziologia
-Ahozko komunikazioa atzerriko hizkuntzan
Zientziak eta Teknologia
-Ikasgai Orokorrak
-Modalitateko ikasgaiak
-Matematikak I
-Fisika eta Kimika I
-Biologia eta Geologia
-Marrazketa teknikoa
-Aukerako ikasgaiak
-Frantsesa
-Euskal Herriko historia
-Informazioaren eta komunikabideen teknologiak
-Psikologia eta soziologia
-Ahozko komunikazioa atzerriko hizkuntzan
-Lur eta ingurumen zientziak
-Industri Teknologia I
-Marrazketa teknikoa I
-Laborategi teknikoak
2. Batxilergoa
Giza eta Gizarte Zientziak
-Ikasgai Orokorrak
-Modalitateko ikasgaiak
-Geografia
-Giza eta Gizarte Zientziei aplikatutako matematika II
-Artearen historia
-Latina II
-Enpresa ekonomia
-Aukerako ikasgaiak
-Jarduera fisikoa, aisia eta osasuna
-Euskal Herriko historia
-XX. mendeko euskal eta Espainiako literatura
-Frantsesa II
Zientziak eta Teknologia
-Ikasgai Orokorrak
-Modalitateko ikasgaiak
-Matematikak II
-Fisika
-Marrazketa teknikoa II
-Industri teknologia II
-Biologia
-Kimika
-Aukerako ikasgaiak
-Eletroteknia
-Giza fisiologia eta anatomia
-Fisika
-Ordenagailu bidezko marrazketa diseinua