Ilusioa baino zerbait gehiago dute, mantentzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 5a, 02:00

Juan Rodriguez presidentea, Patrick Polidori entrenatzailea eta Iraitz Garmendia, Ohorezko Mailako taldeko kapitaina, Landaren bildu dira.
Lortutakoak sortu dien zirrararen berri eman, eta datorren denboraldiko zein ikuspegi duten azaldu dute. Hernaniko afizioarentzat berriz, esker oneko hitzak besterik ez dituzte.

Ohorezko Mailako taldea zarete jada, baina agian ez duzue nahikoa denbora izan hortaz konturatzeko. Datorren urtera begira, zer espero duzue?
Juan: Ez dugu nahikoa denbora izan egindakoaz gozatzeko, asko kostatu baitzaigu lortutakoa lortzea. Joka­lariak ere ez ziren konturatzen egindakoaren garrantziaz, baina komunikabideak gainean egon dira, eta azkenean konturatu egiten zara. Hala ere, egia da ez dugula denborarik izan gure ospakizuna egiteko, ezta hausnarketarako ere.
Datorren urteari begira, hainbat gauza hobetu behar ditugu administrazio aldetik, adibidez. Tekniko­ekin, lehengo entrena­tzai­lee­kin... denekin bildu nahi dugu. Izan ere, ekonomikoki justu gabiltza, eta jokalariak talde administrazioaren ja­rraipena dira ia. Egiten dituzten zozketa, garagardo festa eta ekintza guztiekin, klubeko au­rrekontuaren %50a finantzia­tzen dute. Hala ere, zortea ere badugu: Ohorezko Mailan egon arren, ez gara ‘profesionalak’; ez da soldatarik ordaindu behar.

Izaera hori mantenduko duzuela aipatu duzue; ez duzuela kanpoko fitxajerik egingo, alegia.
Juan: Orain arte bezala ja­rraitzeko asmoa dugu bai. Hemengo jendearekin osatzen dugu guk taldea: zume (mimbre) ona dugu, eta hortaz, otarre onak egiten ditugu.
Bestalde, baten batek beste norabaitera, soldatarekin, joate­ko aukera badu, ez dugu inolako trabarik jarriko. Agian pare bat Iparraldera bidaliko ditugu... Denboraldi interesgarria izango da, dudarik gabe.

Ekonomikoki laguntza haundiagoa espero duzue hemendik aurrera? Patrozinatzailerik baduzue dagoeneko?
Juan: Herriari esker bizi gara, batez ere, eta ez hainbeste, instituzioei esker. Hori oso garran­tzitsua da, batez ere, gaur egun. Ekonomi­ko­ki garai zailak baitira, eta klub askok, murrizke­ten ondorioz, galera larriak iza­ten dituzte. Baina guregan ez du horrelako eraginik. Begira zer gertatzen zaion Avilari; 7 jokalarik alde egin dute, ezin zietelako ordaindu. Hori al da klub bat?
Hala ere, zer lortu dezake­gun zain gaude. Ez dugu esperientzia haundiegirik, egia esan. Oraingoz behintzat, badi­rudi Kirolgin (Gipuzkoako Fo­ru Al­dundiak Gipuzkoako ki­ro­la la­guntzeko sortutako era­kundea) sartuko garela. Bes­talde, 6-7  bat enpresa edo era­kun­de pri­batuk lagunduko di­gutela esan digute. Ikusiko dugu.

Jokuari dagokionez, Ohorezko Mailan mantentzea lortuko
duzuela uste duzue?

Patrick: Cisneros eta Alcobendas Ohorezko Mailako taldeak dira, eta irabazi egin diegu, beraz, ez gabiltza horren gaizki! Zailena, erritmoa hartzea izango da. Horixe da nire lana; beste taldeek nola jokatzen duten ikustea. Kosta egiten da erritmo hori hartzea, baina behin hori lortuta, mantenduko gara. Ohorezko Mailako lehen 4 taldeak izango dira zailenak, fitxaje asko baitituzte; bataz beste, 14 bat atzerritar, taldeko.
Juan: Ez daukat duda izpirik ere! Gainera, talde batzuk ahuldu egingo dira. Urte batetik bestera, asko aldatzen dira talde batzuk, lortzen duten laguntza ekonomikoaren arabera, eta egin ditzaketen fitxajeen arabera.
Iraitz: Zaila izango da, baina jokalari bakoitzak daukagun guztia emango dugu. Urte zaila izango da, baina gozatzekoa, eta afizioaren laguntzarekin oso gauza politak egingo ditugu.

Entrenatzeko modua aldatuko duzue? Estrategiarik pentsatu duzue?
Patrick: Lehenengo urtean ez da gauza askorik aldatu behar. Konpetizioak berak hazi egiten du. Egokitzeko denbora izango dugu, eta ondoren, jokalariak hazi egingo dira pixkanaka, konpetizioari esker. Horixe da azken hilabeteetan gertatu zaiguna, eta azkenean, kobratu behar genuena kobratu dugu, igoera, alegia.

Exijentzia asko haundituko da. Nola lortzen da, profesional izan gabe, bizitza pertsonala eta errugbia uztartzea?

Iraitz: Ez da erraza. Baina gustatzen zaizuna egiteak eta dugun ilusioak lagundu egiten dute. Gogorra da, exijentea, baina aldi berean, asko jasotzen da bueltan. Gainera, kirol talde bat baino gehiago gara, lagunak gara: zelai barruan nahiz kanpoan gozatzen dugu.
Patrick: Hor ikusten da benetako profesionalak direla. Taldekideak bigarren familia bezala dira, eta aldi berean, taldekide bakoitzak bere familia ere inplikatzen du taldean, animoak ematera Landarera edota beste zelai batzuetara joaten direnean.
Juan: Oso talde humano arduratsua dugu. Udan, oporretan egonda ere, prest agertu ziren entrenatzeko eta medikuekin neurketa berezi batzuk egiteko.

Beteranoek ere, urtebetez gu­txienez, jarraitzeko asmoaizango dute, ezta?
Iraitz: Gazteenek bezainbesteko ilusioa dute beteranoek. Jolastu, ondo pasa, gozatu eta irabazi egiten dute beraiek ere, eta noski, urtebetez gutxienez, gazteenek bezainbesteko ilusioarekin jarraituko dute.

Kantera ere oso ona dator, eta nesken taldea ere sortu da.
Juan: Oso onak datozte bai. Sub 17 mailan adibidez, Pello Perez eta Mattin Mujika Estatuko selekzioarekin jokatze­ra joango dira Portugalera. Gainontze­koak ere oso onak datoz. Zortea dugu gainera, izan ere, Iparraldeko taldeekin jokatzeko aukera dugu, eta hori motibazio haundia da gure errugbilarientzat, asko ikasten dute.
Neskek ere gogo izugarria dute. Hau lehenengo urtea izan da, eta ikusiko da zer gertatzen den. Arazoa da nesken klubak agertu eta desagertu egiten direla.
Bestalde, bospasei urteko neska-mutilak ere entrenatzen ditugu. Harrobi ederra dago Landaren.

Errugbia herriko kirol nagusia bihurtzea lortu duzue.
Juan: Jokalari guztiak herrikoak dira, jende normala eta he­rrikoia, eta ez, ez dakit nolako heroiak. Horrek asko laguntzen du. Afizioa gerturatu egiten du. Egia esan, eskertzekoa da hernaniarrek izan duten jarrera. Errugbiaren etika errespetatu dute, toki guztietan gogotsu animatu dute taldea, eta era berean, errespetuz tratatu dute aurkaria. Kanpoan ere zoriondu egin gaituzte horregatik.
Herrian bertan ere, ilusio haundia egiten du haurrak, futboleko baloiarekin ibiltzen diren bezala, errugbikoarekin ere ibiltzen direla ikusteak. Denda eta etxeetan jartzeko kamixeten irudiaren egitasmoa ere oso polita izan zen. Gainera, ez genekien zergatik zuen 8 zenbakia. Nonbait, Cisnerosen aurka irabazi eta zuzenean igotzeko behar genituen puntuak zirelako margotu zuten zenbaki hori. Oso detaile polita da.

Datorren denboraldian are giro hobea sortu daiteke, derbiak
direla eta.. Zerbait aurre ikusi duzue?

Patrick: Hasieran behintzat, berria delako eta kuriositateak bultzatuta, jende asko gerturatuko da, ziur.
Juan: Grada haunditzeko ikerketa bat egitea pentsatu dugu. Egia da partidu guztiak ez direla berdinak, baina beti egoten da hor afizioa, eta ez Hernanikoa bakarrik. Ordiziak adibidez, jende asko mugitzen du. Bi talde gipuzkoar nor baino nor ariko dira, eta ziur jende asko etorriko dela Landarera.

Zerekin geratzen zarete? Nola bizi izan duzue igoera?
Iraitz: Hain luze joan da kontua, sinisteko ere denbora behar duzula. Igoeraren eta ospa­kizunen ondoren, entrenamendu bat inprobisatu dugu aste honetan, taldekideak elkartzeko eta gure artean hitz egiteko. Asko hunkitu gaitu Hernanin egindako ongietorriak, eta jendeak, oraindik ere, kalean zoriontzeak.
Egia esan, afizioa zoriondu behar dugu, eman diguten babesagatik, eman duten eta ematen lagundu diguten irudi onarengatik, erakutsitako erres­petuagatik eta sortutako giroarengatik.
Juan: Oso babestuak sentitu gara.


Jubenilek El Salvador izango dute aurkari gaur,
Estatuko Txapelketan

Euskadiko Liga irabazita, Estatuko Txapelketan buru-belarri sartuta dabiltza jubenilak. Lehengo asteburuan 21-12 galdu zuten Sevillan, Cajasolen aurka. Gaurkoan berriz, Landaren jokatuko dute, arra­tsaldeko 17:30etan, Valladolideko El Salvador talde ospetsuaren aurka.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!