«Lanaz eta kemenaz, Zorionak»

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 1a, 02:00

HARRERA eta ongi etorria egin zieten atzo hernaniarrek errugbi taldeari. Madriletik bidai luzea egin ostean, gaueko 23:30ak aldera iritsi ziren Portalezkanpora. Plaza eta honen ingurua leporaino zeuden, eta herritarrek eginiko pasilo batean iritsi ziren jokalariak eliza atarira. Bertan ziren Hernaniko abesbatzetako hainbat kide, himnoa kantatzen. Mikroa hartzen lehenengoa Rafa Larretxea izan zen. Jokalariek denboraldi osoan egindako lana goraipatu zuen, eta igoera posible zela hasieratik sinestu izana eskertu zuen, besteak beste. Segidan, Juan Rodriguez presidenteak hartu zuen hitza. Emozioari eutsi ezinik, eskerrak eman zizkien jokalariei eta zaleei, errugbia puntu horretaraino bizitzeagatik. Gogora ekarri zituen orain hiru urte, San Joanetako txupinazoan Otañok esandako hitzak: «Hernani gorenera eramaten saiatuko naiz». Amets hori egi bihurtu zutela azaldu zuen, eta denen bultzadarekin izan zela posible azpimarratu zuen. Agurtu aurretik, taldean fisikoki ez dauden jokalariak izan zituen gogoan presidenteak. Azkenik, Otaño kapitainak hartu zuen mikroa. Hitz ederrak esan zituen... bere ibilbidea gogoratu zuen, eta zaleek duten garrantzia azpimarratu zuen: «zuen indarra da gure indarra» esanaz agurtu zituen bertan bildutakoak. Eta ekitaldia bukatzeko, falta ezin zen himnoa entzun zen Plazan eta inguruetan: Axeri Dantza.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!