Igoera play offeko emozioa bizitu zuen atzo Hernanik, baina oraingoan oso bestelako emaitzarekin. Urte askotako sufrimendu eta lanaren saria jaso zuen Hernaniko Errugbi Elkarteko generazio honek, aurreko urteetako desilusioak alde batera utzita.
Izan ere, ezin da ahaztu, Ohorezko mailara iristeko majo sufritu behar izan duela talde honek. Azken 6 urteetan 4 aldiz jokatu dute igoera fasea, eta hurrenez hurren, Cajasol Monte Ciencias, Atco. Portuense, eta Cau Valentzia izan dituzte aurkari aurreko urteetan.
Andaluziarren eta Valentziarren aurka ezin izan zuten trikoloreek, eta atzokoan gauzatu zuten hainbeste urteetan ixkin egin dien helburua. Horretarako, Play off luze eta gogorra jokatu behar izan dute. Cisnerosen aurka izan zuen Hernanik igotzeko lehenengo aukera, baina puntu batengatik madrildarrak izan ziren garaile. Bera Berari irabazi zioten ondoren, mailaz igotzeko azken kanporaketa jokatzeko aukera.
Azken play offean Alcobendas, Ohorezko A Mailako azken sailkatuari aurre egin behar izan diote trikoloreek; eta sufrituta izan bada ere, Landaren lortutako aldea ederki defendatu zuten atzo Las Terrazas zelaiean hernaniarrek.
Lehenengo saiakera, Sevillan
Ohorezko Maialara igotzeko lehenengo saiakeran, Hernanik Cajasol Monte Ciencias taldearekin egin zuen topo. Kanporaketa irabazten zuen taldeak izango zuen estatuko errugbiaren gorengo mailan jokatzeko ohorea, eta hernaniarrek gogoz hartu zituzten andaluziarrak joaneko partiduan, Landaren.
Hernaniarrek indartsu hasi zuten partidua, eta aurretik jarri ziren markagailuan. Partiduaren exigentzia fisikoa medio ordea, behera egin zuen Hernanik 2garren zatian; hala, buelta eman zioten markagailuari Sevillarrek bigarren zatian. 23-25 galdu zuten azkenean, baina irudi oso ona emanda. Beraz, esperantza haundia zuten bueltako partidurako.
Sevillan, Cajasol jaun eta jabe izan zen eta ondo irabazi zion Hernaniri, 48-11. Hernanik erakutsi zuen igoeraren sari potoloarentzako oraindik ez zegoela prest, baina pixkanaka ari zela horrelako helburu ambiziosoetarako taldea prestatzen.
2009an bi kanporaketa mailaz igotzeko, eta lehenengoan, kale
Bi urteren buruan, Hernanik berriz ere lortu zuen igoerako borrokarako sailkatzea. Urte horretako igoera fasean, kanporaketa bat pasa behar zen azken partidurako sailkatzeko, igoera ematen zuen partidurako sailkatzeko, alegia. Atco. Portuense egokitu zitzaien hernaniarrei eta berriz ere galtzaile atera ziren trikoloreak. Joanekoan 3 puntugatik irabazi bazuten ere, Puerto de Santa Marian ezin izan zioten aldeari eutsi eta 32-22 galduta igoeraren esperantzak alde egin zien.
CAU Valentzia, krudelena
Hurrengo urtean ere, berriz sailkatu zen Hernani, kale edo bale izango zen play offa jokatzeko. CAU Valentziaren kontra borrokatu zuen edizio horretan Hernanik Ohorezko Mailako txartela. Oraingoan ere ez zuten asmatu, eta igoera esku-eskura zutenean, ihes egin zien. Eduard Sorribesen jaurtiketa bikainen aurrean amore eman behar izan zuten hernaniarrek, honek sartu baitzituen kanporaketa honetako bi partiduetan CAU Valentziaren 27 puntuak. Kanporaketa hau aurrekoekin konparatuz gero, oso bestelakoa izan zen.
Joanekoan partidu itxurosoa eginda, 5 puntuko aldeari eman behar zion buelta Hernanik Landaren. Trikoloreak 13-6 aurretik jarri baziren ere, luzapeneko 4garren minutuan zigor kolpe baten bidez esnatu zituen Sorribesek hernaniarrak ametsetik.
Aurten igoera, errealitatea
Urte hauetako esperientziaz baliatuta, oso bestelakoa izan da Hernanik aurten egin duen denboraldia. Joan den urtea trantsizio garaia izan zen senior taldearentzat, aurreko urteetan ikasitakoa barneratu, lesionatutako jokalariak errekuperatu eta gazteak zailtzeko aprobetxatu zutena. Inoiz baino prestatuago iritsi dira aurtengo ligara, eta emaitzak begibistakoak dira. Ligan ez du parekorik izan, eta playoffean ere, kostata izan bada ere, nagusi izan dira. Iraganeko esperientzia txarrak alboratu eta iritsi da gozatzeko garaia. Hernani Ohorezko Mailako taldea da. Eta merezita!