ehundaka anekdota eta pasadizo etortzen zaizkie burura gure hiru protagonistei, elite mailan aritu ziren urte haiek gogoratzerakoan. Lozano, Quesada eta Rodriguezek izan zuten, beste askorekin batera, Hernaniko errugbiaren urrezko garaia barrutik bizitzeko aukera. Askok, errugbia azken urteetako emaitzekin erlazionatzen dute, akaso, urte asko pasa direlako ordutik. Hernaniko errugbia osasun onekoa izan da beti, baina arlo konpetitiboan, 70-80garren hamarkadan jo zuen goia. Hamarkada horren bukaeran, 1987an galdu zuen Hernanik Ohorezko Mailan zuen lekua, eta ordutik ezin izan du berreskuratu.
Azpitxapeldun, 4 aldiz
Hernanik izan du bere lekua
Ohorezko Mailan, Quesadaren arabera, garai hartan Hernani kategoriako `oilarretako´ bat baitzen.
Garai horretan sailkapen fasea jokatzen zen, eta txapeldunak ziren Ohorezko Mailaren baliokidea zen ligilla jokatzen zutenak; bertan erabakitzen zen estatuko txapelduna: «sailkapen fasea Getxo, Irun, edo Atko. SS-en aurka jokatzen genuen, besteak beste, eta guretzat partidu horiek hil ala bizikoak ziren» dio Quesadak.
Tituluak ere hurbil izan zituzten hernaniarrek. Hiruen nahia zen tituloren bat eskuartean izatea, baina lortu ez izana ez dute frakasotzat jotzen: «Gure indarra ilusioa zen eta errugbia maitatzen genuelako jokatzen genuen. Guretzat titulu bat irabaztea bezain garrantzitsua zen Atko. SSen aurkako derbya irabaztea» dio Quesadak.
Bidaietako pasadizoak ere oso presente dituzte. Bereziki Sevillara egin zuten bidai bat gogoratzen dute, inguruan oihartzun haundia izan zuena. Quesadak ondo gogoratzen du: «Sevillara joan ginen behin, gauez. Goizean aukera izan genuen Bailenen gelditu eta bertan gosaldu eta dutxatzeko. Ezertarako denborarik gabe ibili ginen, dena egun berean egin behar hori... Sevillara abiatu, partidua jokatu, eta konturatzerako autobusean ginen, bueltan. Dena egun berean! Noski, partidua irabazi ere egin genuen... komunikabideetan oihartzuna izan zuen bidaia hark».
Garai hartan gainera, dirua ere ateratzen zen bidaietatik. Federazioak ordaintzen zuen treneko billetea. Autobusean joaten baziren, dirua irabazi ere, egin zezaketen: «bidaia horietan, urarekin bazkalduz gero, dirua irabazten genuen; ardoarekin berdin antzera geratzen ginen, eta txanpainarekin bazkalduz gero, dirua galtzen genuen...» .
Lozanok jokalariek zuten meritua ere, goraipatu nahi du bereziki: «Ni ikasten nenbilen, baina baziren taldekide batzuk goizeko ordubietan edo hiruretan Hernanira iritsi, eta ordu gutxira, goizeko seiak aldera, fabrikara lanera joan behar zutenak. Hori, gainera, partiduan golpe gogorrak jaso ondoren. Meritu haudia zuten».
Herri txikia,
hiri haundien aurka
Rodriguez presidenteak harrotasunarekin gogoratzen ditu urte haiek: «Herri txiki bat ordezkatzen genuen, eta Madril, Valentzia, Sevilla edo Bartzelonako talde haundien kontra lehiatzen ginen. Hernanik horrelako talde bati irabaztearekin bagenuen nahikoa poza».