«Jokalari generazio bikain honentzako saririk onena da atzokoa. Gaurtik erronka haundi bati egin beharko diote aurre, bai jokalariek eta baita klubak ere, Ohorezko Mailari» dio Jose Manuel Gonzalez Lozanok, Hernaniko jokalari ohiak, eta nola ez, errugbiaren elitean Hernanirekin eskarmentu haundia duenak. Iñaki Quesadaren ustez, «Hernaniri txiki geratu zitzaion Ohorezko B maila. Beraz, ez du zertan arazorik izan. Mailaz igo da, eta orain konpetitzea tokatzen da´. Iñaki Quesada, Juan Manuel Gonzalez Lozano eta Juan Rodriguez pozarren daude atzotik, igoerarengatik noski, baina bereziki, igoera lortu dutelako elkarteak beti mantendu dituen sustrai fidelak oinarri hartuta. Zuzendaritzan edo entrenatzaile lanetan ibilitakoak dira; baina aurretik, zelaiaren barruan protagonista izandakoak, Hernaniko errugbiaren urrezko urteetan. Beraz, igoera honek zer suposatuko duen gutxik bezala dakite. Rodriguez elkarteko presidentea ere bada, eta garbi du, ezer ez dela kasualitatea: «igoera egindako lanaren fruitua da, hainbat pertsonen inplikazioaren erakusgarri».
«Jokalari batzuk ibilbidea luzatu dute, igoeraren bila»
Azken urteetako saiakera guztiak eta gero, igoerak garrantzia haundia du denentzat, eta hala azaldu du Presidenteak datozen lerroetan: «klubeko jokalari batzuk beren ibilbidea luzatu dute igoera lortzen saiatzeko, eta hori izan da, igoerak eta 1go mailan jokatzeak sortzen zien ilusio eta zirraragatik. Orain dela bi urte, azken segunduan galdu genuen playoffa, eta zelaitik nola ateratzen ziren ikusi besterik ez dago, malko artean denak... Horregatik bakarrik merezi izan du; poza ikaragarria da!» .
Iñaki Quesadak ere ilusioarekin bizitu zuen atzoko notizia. Berarentzat ezinbestekoa zen taldeak klubaren izpiritua mantentzea: «Helburua errugbian jokatzea da, eta gero gerokoak. Errugbian ondo jokatuz gero, ondorioak eta sariak daude, alegia, mailaz igotzea. Dudarik gabe, inportanteena elkartearen izpiritua da».
Quesadak, Atco. San Sebastianen hasi zuen bere ibilbidea, eta halako batean, Hernanira etortzea erabaki zuen, laguntzera. «Guri laguntzera etorri, eta gutaz maitemindu zen...» dio admirazio puntuarekin presidenteak. «Entrenatzaileaz gain, jokalaria ere bazen. Gauza asko irakatsi zizkigun, gaur egunean mantentzen ditugunak. Berari esker gaude gaur egun gauden bezala».
Hernani ez da 1go mailako talde asko baino gutxiago
Lozano, Rodriguez eta Quesada errugbizale amorratuak dira, eta seguru daude Hernanik maila ona emango duela Ohorezko A Mailan.
Quesadaren ustez, maila mantentzeko gai izango da Hernani datorren denboraldian: «Beteranoen jarduna luzatu behar dugu, gazteenak hauen alboan hazten jarrai dezaten. Beteranoen inplikazioa eta gazteengan konfiantza badugu, ez dugu maila mantentzeko arazorik izango. Ez dut uste Hernani Ohorezko Mailan dauden talde batzuk baino gutxiago denik».
«Klubaren filosofia ez
da aldatuko»
Datorren urteari begira erokeriarik ez dutela egingo argi dute elkartean, eta maila berriak suposatzen duen erronkari, betiko filosofiarekin egingo diote aurre: «Ohorezko maila erronka haundia da klubarentzat. Ez dugu erotzeko asmorik, eta gutxiago jokalariak fitxatzen hasteko intentziorik... Hori ez da gure filosofia. Errugbian jokatzeak sortzen digun ilusioak mugitzen gaitu, eta klubaren filosofia ez da aldatuko» dio presidenteak.
Quesadarentzat, datorren denboraldia erronka berezia izango da, baina ez kirol ikuspuntutik bakarrik: «zuzendaritzarentzat ere erronka haundia izango da, eta errekurtsoak non nahi bilatu beharko ditugu. Esaterako, lehen 60 lortu behar baziren, orain 600 lortu beharko dira».
Betiko armak soinean dituzte trikoloreek eta gertatzen dena gertatuta, seguru irabazle aterako direla. Maila hau urte luzez mantentzea lortzen badute, marka haundia izango da Hernaniren neurriko klub batentzat. Klubaren oinarriak eta filosofia ez dituzte traizionatuko, eta horrek bermatuko du Hernaniko errugbiaren osasuna.