DENBORALDI osoan partidu bakarra galduta igo da Hernani Ohorezko Mailara. Urte borobila izateko, ametsa gauzatzea falta zuten trikoloreek, eta atzo lortu zuten. Azken play offa jokatu zuten Madrilgo Las Terrazas zelaian Alconbendas taldearen kontra, eta 6-8 irabazi zuten. Puntu bateko aldea zuen Hernanik, joaneko partidua 19-18 irabazi baitzuen Landaren; beraz, atzoko emaitza nahikoa izan zen gorenera igotzeko.
Atsedenaldira, aurretik
Etxeko taldea izan zen nagusi aurreneko zatian, batez ere, aurreko lerroetan. Hala ere, partidua hasi eta berehala, 10garren minutuan aurreratu zituen Genuak hernaniarrak; zigor kolpea sartu, eta 0-3 zen aurretik Hernani.
Alcobendas ez zen kikildu, eta Ati Fernandezek bi zigor kolpe sartu zituen handik gutxira; 6-3 aurreratu zen Alcobendas markagailuan.
Aurreneko zatia bukatzear zenean, epaileak Alcobendaseko bi jokalari bota zituen zelaitik, 10 minuturako. Hernanik hutsune hori aprobetxatu zuen, eta aurrelariek maulean egindako jokaldi luze eta bikainaz baliatu zen Genua entsaioa egiteko. Hala, aurretik joan ziren trikoloreak atsedenaldira, 6-8.
Hernani nagusi, bigarren zatian
Bihotzekoak emateko moduko bigarren zatia jokatu zuten bi taldeek Las Terrazasen. Hernani nagusi izan zen azken 40 minutuetan, eta bitan geratu ziren entsegu-lerrotik metro eskasera. Alconbendas ere saiatu zen, eta 3 minuturen faltan hortxe-hortxe izan zuen entsaioa. Hernanik ordea ondo eutsi zion atzeko lerroetan, eta 6-8ko emaitzarekin bukatu zen partidua.
Zaletuen babesa, beti
Hernanik zaletuen bultzada izan zuen atzo Alcobendasen. Bi autobus gerturatu ziren, eta kotxeetan animatu zirenak ere, izan ziren. Harmailetan kolore berdea zen nagusi, eta baita animoetan ere. Arbitroak partidua bukatutzat eman zuenean, jokalari eta zaleek bat egin zuten zelaian.
Madrilera joaterik izan ez zuten zaleek Hernanitik animatu zuten taldea. Internetez ikusteko aukera zegoen, eta taldeka edo bakarka, guztiek sufritu zuten azken minutura arte.
Ongi etorria, Plazan
Herriak ongi etorria egin zien jokalariei atzo gauean. Plaza leporaino bete zen, harrera egin, eta jokalariekin lorpena ospatzera.
«Zorionak Udalaren partez»
Hernaniko Udalak errugbi taldea zoriondu nahi du, lortutako garaipenagatik: «Zorionak garaipenagatik, eta era berean eskertu, herritar oro errugbizalea sentituarazi gaituzuelako eta lorpenaren partaide egin gaituzuelako. Bultza Hernani!»