Hernanik Ohorezko Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Urte bikainaren ostean, atzo eskuratu zuen igoera Alcobendasen kontra, Madrilen. Puntu bateko aldea zuten trikoloreek, Landaren 18-19 irabazita, eta gaur, 6-8 emaitza nahikoa izan dute igoera lortzeko.
Aurreneko zatian Alcobendas izan da nagusi, batez ere aurreko lerroetan. Hala ere, hernaniarrak aurreratu dira 0-3 Genuaren zigor kolpeari esker. Alcobendasen erantzuna berehala etorri da, eta Mati Fernandezek sartutako bi zigor kolpeei esker, etxeko taldea aurreratu da 6-3. Lehenengo zatia bukatzear zela, epaileak Alcobendaseko bi jokalari kanporatu ditu, eta hutsune hori aprobetxatu du Hernanik entsaioa egiteko. Hernaniko aurrelariek maulean egin duten lan bikaina Genuak baliatu du, entsegua egin eta hernanirrak aurretik jartzeko. 6-8 joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Hernani nagusi
Bihotzekoak emateko moduko bigarren zatia jokatu da Las Terrazas zelaian. Denboraldi osoan gertatu bezala, trikoloreak nagusi izan dira azken 40 minutuetan. Hernaniko aurrelariak bitan geratu dira entsegu-lerrotik metro eskasera. Azkeneko minutuetan aurrera egin du Alcobendasek, play-offak ihes egingo ziela ikusita; eta entsegua ere, eskura izan dute. Hernanik ondo eutsi dio ordea, eta 6-8ko emaitzarekin bukatu da partidua.
Jokalariak, 22:00ak aldera iritsiko dira
Kronikak izan duen azken informazioaren arabera, jokalariak iluntzeko 22:00ak aldera iritsiko dira Hernanira. Datozen orduetan zehaztuko dugu informazio hori.