Erabiltzaileen beharrak asetze aldera, Udalak ikasturte bukaerara arte luzatuko du herri barruko autobus zerbitzu berezia. Urte hasieran jarri zuen zerbitzu berria martxan Karabel eta Portuko bizilagunentzat, eta hauen erantzuna ikusita, ikasturte bukaerara arte luzatzea erabaki dute. Zerbitzua, batez ere, ikasle eta adinekoei zuzenduta jarri zuen Udalak. Batetik, Karabel auzotik Elizatxora gerturatzen diren ikasleentzat, bertara iristeko arazoak baitituzte. Eta bestetik, Karabel eta Portutik osasun zentrura joan-etorria egin nahi duten adinekoentzat.
Zerbitzua, goizez
Autobus zerbitzuak hasierako ordutegi eta irteera puntuak ditu. Aurreneko autobusa goizeko 07:45etan ateratzen da Karabel 8 ingurutik. Imanol gidariak azaldu duenez, autobus hau hartzen dute institutura dijoazen ikasleek eta osasun zentrura aurreneko orduan joan behar duten adinekoek.
Bigarren autobusa goizeko 08:50etan ateratzen da Karabelgo zubitik, eta helburu du, auzoko ikasleak Elizatxora gerturatzea. Imanolen arabera, gutxi batzuk hartzen dute autobus hori, nahiz eta nahikoa betetzen den Antziola eta Etxeberritik datozen ikasleekin.
Azkeneko autobusa berriz, goizeko 09:00etan ateratzen da Portu auzoko sarreratik, eta bizilagunek erdigunera igotzeko hartzen dute. Imanolek dioenez, badira autobusa hartzeko ohitura hartu duten adinekoak, nahiz eta askok goizegi dela aitortu.
Udala, lanean
Apirilaren 21ean Koxka elkartearen gutun bat argitaratu zen Kroninan, esanaz, autobus urbanoak ez zituela behar diren baldintzak betetzen, desgaitasuna duten pertsonek erabili dezaten. Udalak azaldu duenez, lanean ari dira legediak dioena aztertu eta arazoa konpontzeko.