Begues eta Hernaniko ahots gazteak entzungai, gaur

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 29a, 02:00

Abesbatza bakoitzak bospasei kantu abestuko ditu, lehenengo, bakarka. Ondoren, bi koruak elkarrekin arituko dira. Gazte kataluniarrek euskeraz ere kantatuko dute, Uso zuria batetik, eta Laboaren Txoria txori bestetik. Kontzertua 20:00etan hasiko da, Milagrosan.

Elkartrukea antolatu dute Hernani Musika Eskolako abesbatzak eta Begues herri kataluniarreko Ad Libitum abesbatzak. 15 eta 25 urte bitarteko hogeiren bat lagunek osatutako koruak dira biak, eta elkartruke honetako lehen kontzertua Hernanin izango da, gaur iluntzeko 20:00etan, Milagrosan. Gazte kataluniarrak atzo iritsi ziren Hernanira, eta kontzertua emateaz gain, inguruak ezagutzeko ere aprobetxatuko dute bidaia.

Kanturako grina
Gazteak dira, bi koruetako abeslariak. Ad Libitum 2001ean sortu zen, Begues-eko Montau abes­ba­­­tzaren barruan. Bertako haur abesbatzan aritutako gazteek osatu zuten koru berria, kantu­an jarraitu eta gozatzeko asmoa­rekin. Jordi Llobet izan zuten lehenengo zuzendaria. Mireia Ibarz ondoren, eta gaur egun, Anna Jacasek zuzentzen ditu. Hernaniko Musika Eskolan, oinarrizko ikasgaia izaten da abesbatza, hasierako urteetan. Egun ordean, asko dira koruan jarraitzea erabakitzen duten gazteak. Batzuk, 10 urte inguru daramazkite bertan. Hernanin, Garbiñe Orbegozo izan da beti zuzendaria.

Errepertorio anitza
Denetarik kantatzen dute bi abesbatzetako kideek. Alde batetik, musika herrikoia, eta bestetik, abesti garaikideen moldaketak. Beste herrialde batzuetako musika interpreta­tzea ere gustokoa izaten dute. Gaurkoan, gazte hernania­rrek Baratze bat, Usaiak, Let Me Fly, Aizu Bandai San eta Goza mi calypso kantatuko dituzte. On­do­ren, Begues-eko gazteek, Uso zuria, Piano Man, Singing in the Rain, Memory, Somewhere Over the Rainbow eta Begues és i sera interpretatuko dituzte. Azkenik, denek elkarrekin Nesiponono eta Txoria txori abestuko dituzte.

3 egunetako egonaldia
Atzo iritsi ziren beguestarrak Hernanira. Bertako abesbatzako kideen etxeetan egin dute lo, eta gaur, Hernaniko Kaxkoa eta Gurutzeta sagardotegia ezagu­tzeko aukera izango dute. Bihar berriz, Donostian izango dira, Begues-era itzuli aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!