Mikel Aginagalde
Gure sukaldeetan egunerokotasunean erabiltzen ditugun aparatuen piezak egiten dituzte Goiplastik S.L enpresan. Ziurrenik gure sukalde tresna horien zatiren bat bertan sortua izan da. Urte askotako esperientzia dute sektorean eta kalitate haundiko produktuak eskaintzen dituzte. Bertako langileek desgaitasun intelektual mota bat edo beste dute, eta horrelako lan eskaintzak oso erakargarriak eta beharrezkoak dira beraientzat. Goiplastik enpresak 20 urte inguru daramatza plastiko injekzioaren sektorean lanean. Gureak Taldeak sortu zuen, eta adimen urritasun motaren bat zuten pertsonei lan egiteko aukera zabaldu zien. Bertan, batez ere etxetresna elektrikoen (sukaldeko robotak, zuku makina…) plastikozko piezak egiten dira, eta baita automozio aplikazioetarako plastikozko euskarriak ere. Une honetan, langile kopuruak behera egin badu ere, 93 pertsona ari dira han lanean, eta horietako gehienak Donostialdean bizi dira, eta batzuk Hernanin. Goiz eta arratsaldeko txandetan aritzen dira burubelarri.
Oinarrizko helburuak
Gureak Taldea Atzegik (Gipuzkoako Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea) sortu zuen 1975ean. Desgaitasun mota guztietako personentzat lanpostuak sortzea eta lanpostu horiek lagungarriak izatea da Gureak-en helburu nagusia. Garrantzia edo lehentasun gehien adimen urritasuna duten pertsonei ematen zaie, beraientzat lan aukerak sortzen saiatzen dira, lan merkatuan aukera gutxien izaten dituztenak baitira.
Atzegi, aldiz, Gureak Taldearen administrazio kontseiluan dago, baina ez da languneen gestioaz arduratzen, nahiz eta horiekin kolaborazio estua mantentzen duen. Desgaitasuna duten pertsonei lanetik kanpoko beste zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da, hala nola, etxebizitza bilatzeaz, denbora libreko jarduerak antolatzeaz, etabar.
Zutabe nagusiak
Berrikuntza, jardueraren eboluzioa, gizartearen eraldaketa eta sinesgarritasuna dira Gureak Taldearen lan egiteko moduaren zutabe nagusiak. Gizarte integratzailea eta bidezkoa izateko bidean urratsak ematea da erakundearen erronka eta ideala. Gizarte erantzukizuna da taldearen izaeraren ezaugarri aipagarriena.
Ezagutza falta
Erakunde hauen inguruko jendearen ezagutza mailaren inguruan galdetuta, Jon Ander Arzallus, Gureak Taldeko Berrikuntza arduradunak dio, gizartearen gehiengoak oraindik ez duela behar bezala ezagutzen Gureak enpresak duen eginkizuna. «Gure bezeroak dira, seguruenik, hoberen ezagutzen gaituztenak. Urte luzeetako elkarlanak gure lan egiteko modua ezagutzeko balio izan die erosleei, eta pozik daude gure produktuen kalitate eta prezioarekin. Beste edozein hornitzaileren maila dugu produktuen kalitateari dagokionez, eta horrek konfidantza ematen die bezeroei».
Arzallusen iritziz, «jendeak etxetresna elektriko bat erosten duenean, ez da ohartzen gure lantegietan eginiko piezekin sortu dela», eta hori jakitera ematea ezinbestekoa izango litzatekeela uste du.
Hala ere, azken hiru hamarkadetan desgaitasuna duten pertsonak gizartean integratzeko eginiko lanak, jendearen kontzientziak astintzeko balio izan du, eta bazterkeriarik gabeko komunitate baterako bidean aurrerapauso haundia ahalbidetu du.
Krisi ekonomikoaren
eragina
Gaur egun Gureak enpresak lanpostuak sortzen jarraitzen du, eta denera, 4.250 bat langile daude lanean Euskal Herrian. Hala eta guztiz ere, lan merkatuko beste enpresa gehienak bezala Gureakek, orokorrean, eta Goiplastikek, zehazki, nazioarteko krisi ekonomikoaren eragina jasan dute azken hilabeteetan.
«Krisia nabaritu dugu eta, zoritxarrez, Goiplastik kaltetuen artean dago. 2009an kolpe gogorra jaso genuen industria sektorean izan zen krisiaren uhina guregana berehala heldu baitzen. Gure produktuen salmentak %30 egin zuen behera eta estutasun momentuak bizi izan genituen». Gureak Taldeak neurri zehatz batzuk hartu behar izan zituen egoera kaxkarrari aurre egiteko, eta 500 langile inguru lan jarduerarik gabe egon ziren denbora tarte batez. Hala ere, ondorengo bi urteak produktiboagoak izan ziren, automozio sektoreak berpiztea lortu baitzuen, eta emaitza onei eustea lortu zen.
Aurtengo lehen seihilabetean, aldiz, beherakada nabarmena izan du Gureak Taldeak salmentei dagokienez, nazioarteko krisiak eraginda, hain zuzen. «Uztailetik aurrera, aurreikuspen positiboak ditugu, eta egoerak hobera egingo duela dirudi», dio Arzallusek.
Aniztasunaren alde onak
Bestalde, Gureak enpresak krisi ekonomikoari aurre egiteko duen abantaila nagusia bere jardueren aniztasuna da. Lan merkatuko hainbat sektoretan jarduten du, esaterako: automozioan, jardineritzan, garbiketan, marketinean, gasolindegietan edota zerbitzu arloan, besteak beste. Lanaren dibertsifikazioak langileen mugikortasuna ahalbidetzen du. Ondorioz, lan eskasian dagoen lantoki edo alor batetik, oparoaldian dagoen beste batera langileak mugitzeko aukera ematen du, eta modu horretan jarduera ekonomikoaren balantzak ez du aldaketa handirik jasaten.
Teknologiaren bi aurpegiak
Horrez gain, Gureak Taldeko lantegiak merkatuan lehiatzeko beharrezkoak diren teknologia berri eta aurreratuez hornituak daude, eta hori emaitza onak lortzeko ezinbesteko baldintza da. Arzallusen hitzetan, «Batzuetan automatizaziora jo beharra dago konpetitibitatea mantentzeko merkatuan, eta egia da ondorioz eskulana gutxitzen dela, baina automatizazio horri esker beste lanpostu batzuk mantentzen dira, merkatuan mantentzen garelako. Bi alderdi horien arteko oreka bilatzean dago gakoa».
Etorkizunera begira, desgaitasuna duten pertsonentzat lana eskuragarri jartzea da Gureak-en erronka nagusia, baina horretarako bide berriak bilatu behar dira, eta berrikuntzaren eta lanpostu berriak sortzearen arteko oreka bilatu behar da. Eguneroko lan txukunaren bitartez, krisiari aurre egiten eta pertsonak gizartean eta lan munduan integratzeko lana egiten jarraituko dute Gureak taldeak eta Goiplastik S.L enpresak.