«sinesten badugu, lortuko dugu», zioen Patric Polidori entrenatzaileak aurtengo aurreneko Play Offa jokatu zutenean. Orduko hitzek inoiz baino indar gehiago dute orain. Hernanik ez zuen igoera aurreneko kanporaketan lortu, baina partiduz partidu erakutsi du ez direla izan Cisneros, Bera Bera eta Alconbedas baino gutxiago. Zaila izan arren, igoeran sinesten dute, eta asmo horrekin aterako dira Madrilen, igoera eskuratzera.
Igotzeko, hiru aukera
Las Terrazas zelaia izango da hernaniarren azken geltokia aurtengo Play Offean. Partidua bihar jokatuko da, 12:30etan, eta 80 minuturen buruan erabakiko da zein izango den Ohorezko Mailako taldea datorren urtean. Hernanik badu alde txiki bat, puntu batekoa. Honi esker, ez galtzea nahikoa izango da bihar. Hernanik irabazi edo berdinduko balu, igo egingo litzateke Ohorezko Mailara. Baita ere, Hernani igoko litzateke Alcobendasek puntu bateko aldearekin irabaziko balu, eta azken emaitza 19-18 baino txikiagoa izango balitz.
Aurreneko zatia, klabea
Hernani bigarren zatian hobeto aritu da azken bost partiduetan, eta beraz, klabea izango da aurreneko zatian Alcobendasek alde haundia ez ateratzea. Hernanik aurreneko 40 minutuetan partiduari eusten badio, hortxe-hortxe izango du kanporaketa.
Alcobendasek talde gogorra du, batez ere aurreko lerroetan; hutsunea berriz, atzean duela esan leike. Horretaz baliatzen saiatu zen Hernani joaneko partiduan Landaren, eta lortu zutela esan daiteke. Bederatzi atzerritar ditu Alcobendasek, argentinarrak, brasildarrak eta errumaniarrak, eta horien artean, 9 zenbakiduna da, aldea markatzen duena. Aurrelari oso gogorra da, hutsuneak bilatzen dituen horietakoa, eta hori gelditzea izango da hernaniarren helburuetako bat biharko partiduan.
Bi autobus, Madrilera
Zaletuen bultzada ez du faltako bihar Hernanik Las Terrazas zelaian. Bi autobus aterako dira Madrileruntz, eta hitzordua goizeko 06:00etan egin dute Atsegindegin. Oraindik izena eman nahi duenak, gaur iluntzera arte izango du aukera (autobusa bete arte). Horretarako ondorengo telefonora deitu: 687 939 636.
Igoera, luzea
Hernanik denboraldi honetako aukera guztiak xahutuko ditu bihar igoera lortzeko bidean. Aurreneko Play Offa, bi partidutara jokatu zuen, eta hura galduta, beste lau jokatu behar izan dituzte. Hau izango dute seigarrena, azkena, Ohorezko Mailara eramango diena.
Hernani igoko litzateke:
* Partidua irabazita
* Partidua berdinduta
* Alcobendasek puntu bateko aldearekin irabazita, baina 19-18 baino emaitza txikiagoarekin