Hileko azken ostiralero bezala, ekitaldi berezia prestatu zuen atzo, Herrira mugimenduak. Biziarteko espetxe zigorra izan zen atzokoan hautatutako gaia. Izan ere, Hernanin, hiru preso daude kolektiboan, zigor hori aplikatu zaienak: Inma, Pakito eta Baldo. Plaza jendez bete zen, Herrira mugimenduak egindako deiari erantzuteko. Iluntzeko 20:00etan, biziarteko espetxe zigorraren eta Espainiako Entzutegi Konstituzionalak hartutako azken erabakiaren inguruan hitz egin zuten abokatu batek eta presoen inguruko kide batek. Ondoren, salbuespen egoera hauekin bilatzen duten isolamendu eta bakartzeari aurre egiteko, Inma, Pakito eta Baldori idazteko aukera izan zen. Horretarako, postalez betetako mahaiak prestatu zituzten. Herritar asko inguratu zen bertara, presoei elkartasuna helarazteko.