Goizuetako Zubimuxu aterpetxeak Aste Santuan ireki zituen ateak, baina bihar, 12:30etan, egingo da inaugurazio ofiziala. Herriko baliabide ekonomikoak sustatzeko Udalak 2008an martxan jarritako proiektua da. Aurreko Udalak egindako lana eskertzeko, orduko ordezkariak inaugurazio ekitaldira gonbidatu ditu egungo Udalak. Era berean, Carmen Oroz Nafarroako Gobernuko ordezkaria eta inguruko herrietako Udaletako ordezkariak eta herritarrak gonbidatu dira.
Eraikin historikoa
Aterpetxea egin deneko eraikina XVIgarren mendekoa da. 1904ean Udalak Del Cerro bizkondeari erosi zion, eta 3 funtzio eman zizkion eraikinari. Lehen pisuan labaderoa jarri zen, 2garrenean nesken eskola, eta 3garrenean maisu-maistren etxea.
Ekonomiari bultzada
Herriko sektore ekonomikoari bultzada emateko jarri du martxan, Goizuetako Udalak, Zubimuxu aterpea.
30 lagunentzako tokia dago bertan, ordenagailu gela ere badu, eta mendizaleengan eta eskoletako haurrengan pentsatuz prestatu dute. Izan ere, Goizueta inguruko ibilbide megalitikoak eskaintza erakargarriak izan daitezke jendeak aterpetxean ostatu har dezan.