Garai batean Ereñotzun egiten ziren erritual eta ohiturak berreskuratzeko asmoa azaldu du Auzo Udalak. Horren harira, Atsolorra egingo da igandean, eta antzinako ohitura hau zertan datzan azaltzeko hitzaldia izango da gaur, 19:30etan, Auzo-Etxean.
Jaioberrien festa
Auzoan haur bat jaiotakoan ospatzen zen festa da Atsolorra. Garai batean, auzoan haur bat jaiotzen zen aldiro, amari eta haur jaioberriari egiten zitzaien bisita, merienda edo ospakizuna da, hain zuzen.
Erritual hau haur jaioberri bakoitzeko egiten zen. Orain aldiz, antzinako ohitura hau berreskuratzeko ahaleginean, udaberriro egingo da Atsolorra, aurreko urteko jaiotza guztiak batera ospatzeko.
Atsolorra, igandean
Ereñotzuko Udalaren esanetan, «gure herriaren ondare den usadio honek, jai izaeraz gain, baditu beste dohain batzuk auzotarron bizi-kalitatea hobetzeko: onespen soziala, elkar babesteko eta laguntzeko konpromisoa...».
Asmo horiek guztiak bete nahi dira, igandean egingo den Atsolorrean. 2011ko jaiotzak ospatuko dira, 17:30etan, Auzo-Etxean.
Auzoko etxe bakoitzetik pertsona batek edo bik hartu ahal izango dute parte, eta ez dute zertan emakume izan behar. Horretarako, izena eman behar da, gaur, antolatzaileei adieraziz, edo Auzo Udalera deituta (943 55 10 00).
Hitzaldia, gaur
Atsolorra auzotar askok ezagutu dute, baina belaunaldi berriek zer den arrastorik ere ez dute.
Horregatik, igandeko ospakizunaren aurretik, hitzaldi bat emango du gaur, Mari Carmen Basterretxea antropologoak, 19:30etan, Auzo-Etxean.