Hernani KE Azeriak, 2. urteko junior taldeak, ezin izan zuen Urola Garaiko Lanbide Eskola taldea garaitu, asteburuan jokatutako Final Four-eko finalean. Bi punturen erruz egin zien ihes garaipenak. Finalaurrekoan bertan, ezusteko garaipena lortu zuen Hernaniko taldeak, Internacional CD taldearen aurka. Izan ere, denboraldi honetan talde horren kontra jokatutako bi partiduak galdu egin baitzituzten Azeriek. Norgehiagoka gogorra eta estua izan zen, baina azkenean, hernaniarrek lortu zuten finalerako pasea. Talde faborito gisa pasa ziren gainera.
Tentsio haundia, finalean
Ezustekoak izaten dira nagusi Final Four-ean. Hala, Hernaniko taldea zen finaleko faborito, baina ezin izan zioten erantzun izendapen horri.
Emozioz beteriko partidua jokatu zuten, Urola Garaiko Lanbide Eskola taldearen aurka. Ia denbora guztian hernaniarrak atzetik ibili ziren markagailuan.
Partidua amaitzeko 3 segunduren faltan zirela ordea, berdinduta zegoen markagailua, eta aurkarien esku zegoen baloia. Tentsioa eta urduritasuna haundiak ziren, eta azken segunduan, Urolako taldeak baloia saskiratzea lortu zuen, 2 puntuko aldea ateratzea lortuz.
Postu ona
Garaipenak eskuetatik ihes egin badie ere, denboraldi bikaina egin dute hernaniarrek.
Gipuzkoako txapeldunorde titulua lortu izanagatik, eta urte osoan egindako lan onagatik, taldea zoriondu nahi izan dute entrenatzaileek.