Euskarazko literatura sustatzea helburu duen Hitzak eta Pizzak ekimenaren barruan, 3. solasaldia egingo da ostiral honetan, 20:30etan, Kontrakantxa gaztetxean. Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberria izango dute mintzagai bertan, pizza batzuk jaten dituzten bitartean. Liburuari buruzko eztabaidan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, herritar guztiak.
Mugarri
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegik, 1957an argitaratutako eleberri honek, garai berri bat markatu du euskal literaturan.
Lehen aldiz, Europako beste literaturetan agertutako existentzialismo kutsua euskal literaturara iritsi zen, Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin.
Aro modernoan nagusitu ziren jarrera ezkor eta etsipenezkoen isla da Leturia, eleberriko protagonista.
3 edizio, 3 liburu
Hitzak eta Pizzak lehengo urteko martxoan jarri zen martxan.
Bi solasaldi antolatu ziren 2011n zehar. Batetik, Fahrenheit 451 liburua, eta bestetik, Fucking Artists eleberria izan zituzten mintzagai.
Ostiral honetako solasaldia urte honetako lehena izango da.
Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren inguruan zeresanik duen edonor gonbidatu nahi dute antolatzaileek, solasaldi literarioan parte hartzera.