Elkartruke kontzertua antolatu dute ‘Hernani’ Musika Eskolako eta Begues herri kataluniarreko Ad Libitum koru gazteen artean. Lehenik, gazte kataluniarrak Hernanin izango dira, eta aurrerago, Hernaniko abeslariek Begues bisitatuko dute. Bi koruek, igande honetan emango dute kontzertua, Milagrosan.
Ahots gazteak nagusi
Bai Hernaniko eta baita Ad Libitum koruak ere, abeslari gazteek osatzen dituzte. 15 eta 25 urte bitarteko abeslariak dira nagusi. Adin beretsuko antzeko koruek egiten duten lana ezagutzeko antolatu dute elkartruke kontzertu hau. Garbiñe Orbegozo da Hernaniko abesbatzako zuzendaria, eta Anna Jacas berriz, Ad Libitumekoa. Errepertorio anitza, dinamikoa eta energikoa erabiltzen dute bi abesbatzek, eta kontzertu polita prestatu dute iganderako.
Elkartrukea
Begueseko Ad Libitum abesbatzak 3 egun pasako ditu Hernanin, eta inguruak ezagutzeko aprobetxatuko dute egonaldia. Hernaniko kaxkoa eta bere historia, sagardotegiren bat eta Donostia bisitatzeko asmoa dute. Gauak berriz, abeslari hernaniarren etxeetan pasako dituzte. Oraindik data zehaztu ez badute ere, gazte hernaniarrak Beguesen izango dira aurrerago.