Maiatzean hasiko dira tomatea, piperra, tipula, pepinoa, kalabazina… eta baratza puntu-puntuan jartzeko eta landareak aldatzeko orain da garaia. Hori nabaritu zen osteguneko ferian, landare mota ugari izan ziren aukeran Ibarrako Peña landare eta barazki dendako postuan, esaterako. Dena dela, eguraldi kaxkarraren eraginez jeneroa eta jendea atzeratzen ari dela azaldu dio Piok Kronikari. «Eguraldi ona egin zuenean oraindik goiz zela esaten zuen jendeak tomatea eta aldatzeko, orain garaia iritsi da eta hotz honek ez du laguntzen. Hilabete hau ez da batere laguntzen ari. Euria ona da, udarari begira. Hori bai, egun pare bat egin dezala ateri, lurrari buelta eman eta landareak aldatzeko. Bestela, dena lohituta, ez da posible».
Letxuga, espinaka, azelga, aza…
Ana Agirreren postuan garaiko produktu ekologikoak daude salgai. Lasarteko Manttangorri produktu ekologikoen dendako postua da. Batez ere, Urnieta, Igeldo eta Anoetatik ekartzen ditu produktuak. Bertako, Euskal Herriko garaiko barazkien berri galdetuta, orain letxuga, espinaka, azelga, tipulina, aza eta baratxuriaren garaia dela dio. «Porrua ere bada oraindik, baina azkenetan da. Ilarra eta baba haundia, berriz, oraindik loretan dira. Pixka bat atzeratzen ari da izan ere, eguzkia behar dute. Patata berria ere hasi da, baina oraindik goiz da».
Frutari dagokionez, bertakoa orain kiwia bakarrik duela dio, Bizkaitik ekarria. Marrubia ere badu garaiko produktuen artean, baina Huelvakoa, «hemengoa oraindik loretan dago».
Udaberriko lehenengo xixak, Lasaren postuan
Mikel Lasaren postuan udaberriko xixak ere hasi dira saltzen. 50 euroan daukate kiloa. Nafarroa aldeko xixak dauzkate eta ostegunean baita Gipuzkoakoak ere, bezperan 6 kg bildu baitzituzten. Hernanin xixa erosteko hainbesteko joerarik ez dagoela azaldu dute, onddoa hobeto saltzen dela. Onddoa ere badute salgai, Zamorakoa, 35 euro/kg.
PRODUKTU ETA PREZIOAK
LANDAREAK:
Tipula.................... 2,50 euro/zientoa
Letxuga................. 1 euro/25 landare
Azelga................... 2 euro/25 landare
Porrua........................ 3 euro/zientoa
Tomatea.............. 0,50 euro/landarea
Piperra................ 0,10 euro/landarea
Marrubiak............ 0,70 euro/landarea
Azak..................... 2 euro/25 landare
Kalabazina.............. 1 euro/3 landare
Pepinoa.................. 1 euro/3 landare
Kalabaza................. 1 euro/3 landare
Berenjena............... 1 euro/3 landare
Borraja.................. 2 euro/25 landare
Perrejila...................... 1 euro/dozena
Alkatxofa................. 1 euro/3 landare
Brokolia...................... 1 euro/dozena
Erremolatxa................ 1 euro/dozena
Hemengo garaiko barazki ekologikoak
Letxuga................................. 1 euro
Haritz ostoa....................... 1,20 euro
Espinaka................................ 4 euro
Azelga............................... 2,50 euro
Porrua........... 1,50 euro/dozena erdia
Tipulina................................. 1 euro
Baratxuria.............................. 1 euro
Aza................................... 2 euro/kg
*Udaberriko xixa.............. 50 euro/kg