SK edo Sami Konponisttat elkartea sami kulturako musikari, konpositore eta produktoreek osatzen dute.
Euskaldunen antzera, bere hizkuntza eta kulturaren zapalkuntza bizi izan du Sami herriak hainbat urteetan zehar. Bizirik iraun dute ordea, eta pixkanaka, beren kultura berreraikitzen ari dira. Hori dela eta, euskal kultura eta berau garatzeko eta bermatzeko eredua ezagutzeko, Euskal Herrira etorriko dira SK elkarteko kideak, datorren astean. Euskal musikaren eta kulturaren garapena eta kudeaketa, bai hemen eta bai mugaz kanpo, nolakoa izan den ezagutzea da asmoa.
Bisita horren harira, Hernaniko Aztarna estudioan eta ‘Hernani’ Musika Eskolan izango dira, datorren ostiral eta larunbatean. Horrez gain, Errenteriako Eresbil, musikaren euskal artxiboa; Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa; eta Donostiako Musikene kontserbatorioa bisitatuko dituzte.
Sami herria, bizirik
Finlandia, Norvegia, Suedia eta Errusia ipar-mendebaldean dagoen Kola penintsularen artean barreiatuta bizi da Sami herri indigena.
Duela 11.000 urte Eskandinabiako kosta artikoan gizatalde bat bizi izan zela ziurtatu dute arkeologoek. Arrantza eta elur-oreinen ehiza zituzten bizimodu, eta herri nomada zen.
XIX. mende bukaera eta XX. mendearen hasiera bitartean jasandako jazarpenak ia desagerrarazi bazuen ere, bere kultura eta hizkuntza bizirik mantentzea lortu du, gaurdaino, Sami herriak. Beren hizkuntza debekatuta zegoen, eta eskolaren bitartez, samien kulturaz eta sami izateaz lotsa sentitzera iritsi ziren samiak. Ondorioz, beren kultura eta hizkuntza baztertu zituzten askok.
Egun, Samediggi edo sami legebiltzarrak badira Norvegian, Suedian eta Finlandian. Samieraz ikasteko eskubidea eta aukera ere badute, hiru herrialde horietan. Errusiako legediak ordea, ez du aipatu ere egiten Sami herriaren eskubiderik.
Musikaren indarra
Lau herrialde horien eskutik jasandako jazarpenak eragin nabarmena izan du sami kulturan. Mari Boine abeslaria da horren adibide garbia. Sami kulturako pertsona ezagunenetakoa da, bai Norvegian eta baita nazioartean ere, eta bere hizkuntzan abesten du. 1995ean Norvegiako lehen ministroak sami herriari barkamena eska ziezaiola lortu zuen Boinek.
Duela bi urte Bilbon eman zuen kontzertu baten harira, Argia aldizkarian egindako elkarrizketa batean, «samieraz abestea erabaki politikoa» dela ziurtatzen zuen artistak. Musika erabili du berak samien kultura eta hizkuntza berreskuratu eta indartzeko.
Artistak aitortzen zuen bere lehen haurrari ez ziola samieraz hitz egiten, baizik eta norvegieraz. Gerora, sami izateaz zergatik lotsatu behar ote zuen pentsatzen hasi zenean, eta bere kultura eta historiaz ikasten hasitakoan, bere izaera berreskuratzea erabaki zuen.
Musika erabili zuen horretarako, eta samien egoera oso ondo islatzen zuen pasadizoa kontatzen du Mari Boinek elkarrizketan. Izan ere, samieraz kantatzea erabaki zuen, eta samiak izan ziren norvegieraz abestu behar zuela aurpegiratu ziotenak.
Musika, kultura
ezberdinen elkargunea
Datorren astean Hernani bisitatuko duten musikari samiek, tradizioa berreskuratu eta gaur egungo panoraman integratzeko euskal kulturan eta euskal musikan egin den lana ezagutu nahi dute.
Asmo horrekin sortu zen Hernanin, 1995ean, Aztarna estudioa ere. Euskal artisten lanak CD Plus formatu multimedian editatzen dituzte bertan, eta euskal musika tradizionalaren artxibo bat ere sortu dute.
Musika lagun, samiak beren tradizioa, kultura eta hizkuntza berreskuratzeko lanetan ari dira. Euskaldunen berri badute, eta bertako eredua ezagutu nahi dute.
Hernaniz gain, beste herri batzuk ere bisitatuko ditu taldeak. Besteak beste, Errenteriako Eresbil, musikaren euskal artxiboa; Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa; eta Donostiako Musikene kontserbatorioa ezagutuko dituzte.
Hernaniko egonaldia
Datorren ostiralean iritsiko dira KS elkarteko kideak Hernanira.
Aztarna estudioko sortzaileetako bat den Joxan Goikoetxeak, Hernaniko Udalarekin batean, hitzaldi bat eta kontzertu bat emango dute Aztarna proiektuaren eta euskal musikagintzaren garapenaren inguruan, 16:00etan Milagrosan; eta ekitaldia irekia izango da. Honen asmoa da, Euskal Herriko musika tradizionalaren eta gure artisten berri ematea.
SK elkarteko kideek adierazi dute, «euskal kultura musikala Espainian instituzionalizatzen oso hurrun iritsi dela, samien kultura musikalak Eskandinabian lortutakoa baino haratago». Horregatik azaldu dute, «euskal musikaren garapen harrakastatsua bultzatu duen estrategiaz ikasteko nahia».