Hernaniko Dobera, Lasarteko Ttakun eta Durangoko Berbaro Euskara Elkarteen eskutik, udalekuak antolatu dira uztailerako. Lehengo urtean hartu zuen parte Doberak lehenengo aldiz udalekuetan eta aurten; txanda bat gehiago irekiko da. Hiru herri horietako DBHko ikasleek Kantauriko kostaldea eta Bortziriak ezagutzeko aukera izango dute, bi txandatan. Beste hainbat ekintza ere egingo dituzte: ur ekintzak, abentura kirolak, bibak, mendi ibilbideak...
Bi txanda
DBHko lehen eta bigarren mailakoentzako txanda, uztailaren 3tik 14ra bitartean izango da. Kantauriko kostaldea, Zumaia eta Bakio artekoa ezagutuko dute bertan.
DBHko hirugarren eta laugarren mailakoek aldiz, uztailaren 17tik 28rako txandan hartu ahal izango dute parte. Hauek, Lesaka, Igantzi, Etxalar eta Bera aldean ibiliko dira.
Izen-ematea, zabalik
Udalekuetan parte hartu ahal izateko, maiatzaren 11 baino lehen eman behar da izena. Horretarako, izen emate orria bete eta diru sarreraren ordainagiria aurkeztu beharko dira.
Bazkide direnentzako prezioa 200 eurokoa da, eta gainontzekoentzako, 245 euro.
Hiru herrietako ikastetxe eta institutuetan banatuko dira izen emate orriak.