Udaberriko Babolat-Volvo Auto Suecia Torneoa gaur hasiko da Galarretan. Txapelketako lehenengo bi partiduak jokatuko dira. 16:00etatik aurrera hasiko den jaialdiko bigarren partiduan jokatuko dute Oñatz eta San Miguelek, Sagardoaren Txapelketako txapeldunek, Urriza eta Olazarren aurka. A taldeko lehenengo partidua izango da. A taldeko lehenengo partidu honetan, faboritoen artean diren bi bikote neurtuko dira eta lehia erakargarria espero da. Ondoren, B taldekoa jokatuko da. Bertan izango da Endika Barrenetxea hernaniarra. Zeberio IIarekin Urtasun eta Lizasoren aurka neurtuko da. Azken horiek dira faborito.
Lehenengo partidua irabaztea, garrantzitsua
Bi norgehiagokak garrantzi haundikoak dira, izan ere, bikote bakoitzak bi partidu bakarrik jokatuko ditu finalaurdenetako hasierako fase honetan. Hasieratik garaipena lortzea pauso haundia litzateke hurrengo fasera sailkatzeko.
Kalitatezko torneoa eta orekatua
Ostegunean aurkeztu zuen Oriamendi 2010ek Udaberriko Torneoa. Gaur hasi eta maiatzaren 19an jokatuko da finala. Kalitatezko torneoa eta orekatua espero da. Sei bikotek jokatuko dute bi taldetan banatuta. A taldea: Oñatz-San Miguel, Uterga-Ion eta Urriza-Olazar; B taldea: Zeberio II-Barrenetxea IV, Endika-Etxeberria III eta Urtasun-Lizaso. Koteto Ezkurrak ez du jokatuko lesionatua dagoelako.