«Gizarte Segurantzak lagundu behar luke, bestela, oso garestia da»

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 21a, 02:00

Xuban, Maddi, Aritz eta beste lau ume hernaniarren gurasoak elkartu egin dira, Pausoka Elkartearen adar bat Hernanin sortzeko. Behar bereziak dituzten haurrak dira denak, zaintza eta terapia jakin batzuk behar dituztenak. Egun, ez dago beren beharrei erantzuteko zerbitzu egokirik, eta martxan jarri duten kanpaina honekin, babesa eta dirulaguntzak biltzea dute helburu. Plastikozko tapoiak jaso­tzea izango da kanpaina honen abiapuntua.

Haurrek ahalik eta autonomia haundiena lortzea da gurasoen helburua. Horreta­rako ordea, hainbat terapia jaso behar dituzte, egunero: fisioterapia, logopeda eta estimulazio kognitiboa, kasu. Behar bereziak dituzten haurren gurasoek osatu dute Pausoka Elkartea. Horrela deitzen zaie, ez baitute diagnostiko zehatzik, eta ondorioz, eguneroko terapiak beharrezkoak dituzte. Parali­si zerebrala, kromosoma ba­te­an akatsa... era askotakoak izan daitezke haur hauek dituzten gaixotasunen eragileak. Orokorrean, psikomotrizitate garapenerako arazoak izaten dituzte: jateko, hitz egiteko edota oinez ibiltzeko zailtasunak, adibidez. Pasa den martxoaren 24an Gipuzkoako Pausoka Elkartea aurkeztu zen gizartean, eta orain, Hernaniko gurasoek elkarteko adar bat bultzatu nahi dute herrian. «Gipuzkoako taldean 13 bat haurren gurasoak elkartu gara, eta horietatik 7 bat, hernaniarrak gara. Gehiago ere badirela uste dugu, eta elkarteko kide egitera animatu nahi ditugu».

Elkartuta, indar haundiagoa
Hernaniko Pausoka Elkarteko kide gehienak, Koxka elkarteko kideak ere badira. Baina oraingoan, babes haundiagoa eta dirulaguntzak biltzea da asmoa. Izan ere, Koxka elkartea jende helduagoaren beharrei begira sortutakoa da, eta oraingoan, haurrei zuzenduriko zentro baten beharra aldarrikatzen dute. «Geroz eta jende gehiago elkartuta, orduan eta presio haundiagoa egin ahal izango dugu instituzioetan», diote. Izan ere, haurren behar jakin batzuk betetzeko ahalegina da hau, eta Hernanin, behar bereziak dituzten haur asko dagoela uste dute. «Zaila da gure artean elkar ezagutzea. Oraingoz elkartu garen gehienok, Aspacera eramaten ditugu haurrak, eta sartu-ateretan topo egitean ezagutu dugu elkar. Baina haurrak horrelako zentroetara eramaten ez dituzten gurasoak ere badira, eta horiek ere elkarteko kide egitera animatu nahi ditugu». Pausokako kideen ustez, egun elkartea osatzen dutenak baino guraso gehiago daude Hernanin, behar bereziak dituzten haurrak dituztenak. «Hasieran, kolpe latza jasotzen duzu, eta oso gogorra egiten da gertatutakoa ulertu, onartu eta horri aurre egitea. Orain berriz, egunerokotasunaren pixua gainean eramatea da zailena. Etengabeko zaintza behar duten haurrak dira, ez dizute ezertarako denborarik uzten, eta era berean, ez dakizu noizbat nahikoa autonomia lortuko duten. Gainera, erraz gaixotzen dira, eta medikuetan pasatzen dugu eguna. Askok ez dute hori gaindi­tzen, edo lotsa ematen die. Hernanin familia polita osa­tzen dugu elkarteko kideek, eta guraso guztiak animatu nahi ditugu gugana jotzera».

Ez da nahikoa
Orain arte, haur hauetako gehienak hainbat zentrotara joan izan dira. Baina Pausoka Elkarteko gurasoen ustez, egun dagoen eskaintza ez da nahikoa. Zentro gehienak pertsona helduagoen beharrei erantzuteko sortu dira, eta haurrei begira sortutako zerbitzurik ez dago. Gainera, zentro asko paralisi zerebrala duten gaixoentzako dira, eta haur hauek mota askotako gaixotasunak dituzte. «Etengabeko estimulazioa eta terapia ja­rraiak behar dituzte gure haurrek. Egune­ro jaso behar lukete terapia, baina ez dago horrelako zerbitzurik. Gainera, paralisi zerebrala duten pertsonen­tzako zentroak daude gehienbat, eta gure haur guztiek ez dute arazo zehatz hori. Bestalde, batzuk eskolara joaten dira, oso ona baita beste haurrekin elkartu eta integratzea. Baina eskolentzako ere karga haundia da, eta laguntza publikoak murrizten ari dira etengabe. Gizarte Seguran­tzak lagundu behar luke, bestela, oso garestia da guretzat. Horri aurre egiteko bultzatu nahi dugu elkartea».

Eskaera zehatzak
Hernanin dagoen haur kopurua kontuan hartuta, lehenik eta behin, lokal bat behar du Pausoka Elkarteak. «Gure ustez, oso ona litzateke herriarentzako, lokal bat edukitzea. Inguruko herrietako haurrak ere etorriko lirateke, eta guretzat ere, oso erosoa litzateke herrian bertan nora jo eduk­itzea». Udalarekin harremanetan jarri dira, eta erantzunaren zain daude: «eskaera haundia dagoela esan digute, eta gaia aztertu behar dutela. Izan ere, guk ezaugarri jakin batzuk dituen lokala behar dugu: eskailera gabekoa, ezinduen­tzako aldapak eta ate zabalak izango dituena, ura, berogailua... Oraingoz Garberak laguntzen digu, gure bileretarako lokal batekin, plastikozko tapoien bilketarekin eta elkartearentzako lege-ordezkaritzarekin. Baina terapiak emateko lokala behar dugu». Bestalde, fisioterapeutak, logopedak, eta estimulazio kognitiborako terapeutak behar dituzte. «Batzuekin hitz egin dugu, eta dagoeneko laguntzen digute, prezio minimoa kobratzen baitigute. Baina ezin dugu horrela jarraitu. Lokala izanez gero, eta dirulaguntzak lortuz gero, baldintza egokiagoak izango genituzke denok: haurrek, gurasoek eta terapeutek».

Plastikozko tapoiak eta bazkideak
Dirua eta babesa lortzeko kanpaina martxan jarriko dute Hernanin Pausoka Elkarteko kideek. Kanpaina horretako ardatzetako bat, plastikozko tapoiak jasotzea izango da. «Plastikozko tapoiak bil­tzeko errazak dira, ez dute toki askorik hartzen. Era berean, plastiko kontzentrazio haun­dikoak izaten dira. Ho­rre­gatik, birziklatzeko errazagoa da, eta enpresa ba­tzuk tapoiak nahiago izaten dituzte. Bilboko enpresa batekin harremanetan jarri gara, eta bertara eramango ditugu Her­nanin biltzen ditugun tapoiak. Uste dugu, tonelada bakoitzeko 300 euro ordain­tzen dituztela. Ez da asko, baina saiatuko gara. Bildu­tako tapoiak almazenatzeko eta ondoren Bilbora eramateko berriz, Alttradi enpresak bere laguntza eskaini digu, eta eskerrak eman nahi dizkiogu, benetan». Hernaniko hainbat tokitan eta denda eta tabernetan bilduko dituzte tapoiak. «Berri­ak Elkartea asko ari zaigu laguntzen. Beraien bidez, he­rri­ko hainbat denda eta tabernatan kopa edo pote garden bat jarriko dugu, pegatina eta kartelekin, barruko tapoiak ikusi ahal izateko, eta jendeari bertara tapoiak eramateko eskatzeko». Elkarteari laguntzeko bes­te bide bat ere badago; bazkide egitea. Horretarako ere, bi modu daude: kuota ordain­tzen duen bazkide, edo kuotarik ordaintzen ez duen bazkide egitea. «Dirua beharrezkoa dugu, baina baita jendearen babesa ere, presio haundiagoa egin ahal izateko».

Bihar, Landaren
Hernaniko Pausoka Elkartea oraintxe ari da sortzen. Ho­rrexegatik, he­rri­tarrek el­kar­tearen berri izatea nahi du­te bertako kideek, eta lan horretan, Herna­niko errugbi taldearen lagun­tza ere lortu dute. Bihar Landaren jokatuko den Play Offeko partiduan jende asko biltzea espero da, eta Pausoka Elkarteak postu bat jarriko du bertan. Elkartea gertutik ezagutu eta bertako kideekin harre­ma­­­netan jartzeko aukera izan­­­go da. Era berean, bazkide egiteko beharrezkoa den informazioa eskuratu ahal izango da, eta tortilla pintxoak ere jarriko dituzte salgai. Hernaniarrek errugbi taldeari emango dioten bultzadaren indarra aprobetxatuko dute horrela, elkarteko kideek, beste pauso bat aurrera egiteko.

Pauso txiki bat aurrera, elkarteari laguntzeko

Hiru modutara lagundu edo babestu daiteke Pausoka Elkartea.
Batetik, elkarteko bazkide egitera animatu nahi dute jendea. Bazkideen artean ere, bi eratakoak daude. Nahi duenak, kuota bat ordaindu dezake, eta bestela, kuota gabeko bazkide egiteko aukera ere badago.
Bestalde, kanpaina honetan egindako dei­al­di nagusia jarraituz, plastikozko tapoiak bildu eta horiek jaso­tzeko jarriko diren puntuetara eramatea da laguntzeko bide zuzenena.

Bi motatako bazkideak
Kuota bat ordaintzen dutenak, edota kuotarik ordaindu gabekoak izan daitezke Pauso­kako bazkide.
Diruz lagundu nahi dutenek, 5 euroko la­gu­n­tza eman dezakete hilean. Kuota ordaindu nahi ez duenak aldiz, bere babesa eman diezaioke elkarteari. «Ge­roz eta jende gehiago izan, orduan eta presio haundiagoa egingo dugu instituzioen aurrean».
Edonola ere, Pauso­ka Elkartearekin harremanetan jarri behar da. Horretarako, deitu 666 839 993 telefonora eta hitz egin elkarteko presidente  Mai­teder­rekin, edo ida­tzi ondorengo helbide elektronikora: pausokaelkartea@gmail.com.
Webgunea ere presta­tzen ari dira, honakoa:
www.pausokaelkartea.org; baina orain­dik eratze lanetan ari dira.
Diruz lagundu nahi duenak, Kutxako kontu honetan sartu dezake kuota: 2101 0006 40 0013001474.

Plastikozko tapoiak biltzeko kanpaina
Pausoka Elkarteak mar­txan jarri duen kanpaina honen helburu nagusia ahalik eta plastikozko tapoi gehien lortzea da.
Tapoien plastikoa birziklatzen duen Bilboko enpresa batera bidaliko dituzte bildutako guztiak, trukean, elkarteari lagun­tzeko dirua lortzeko.
Hernaniko hainbat tokitan bilduko dira tapoiak: kiroldegian, an­bu­latorioko sarreran, Eros­ki center (Zinkoe­nean) eta cityn (Elkano kalean), Antziola okindegian, Jaione kongelatuetan, Zaharren Egoitzan eta ikastetxeetan. Berriak Elkartearen bidez, herriko dendari eta tabernariekin harremanetan jarriko dira, horietan ere tapoiak bildu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!