Hileko 2garren larunbat guztietan bezala, Behemendi azoka osatzen duten hainbat postu jarriko dira gaur, goizeko 09:00etatik 13:00etara, Plaza Berrin. Inguruetako baserrietan ekoitzitako produktu fresko eta naturalak erosi ahal izango dira bertan. Mota guztietako jakiak eta landareak aurkituko ditu gerturatzen denak. Baserritar eta ekoizleek, erosleekin zuzeneko tratua izatea dute helburu.
Sasoiko produktuak
Denetarik probatu eta erosteko aukera egongo da, hilero bezala, gaurko azokan ere. Batetik, barazkiak izango dira salgai. Horien artean, sasoiko barazkiak aurkitu ahal izango dira: babak, ilarrak, tomatea, letxua, espinakak, patata berria, tipulina eta borraja.
Bestalde, urte osokoak diren barazki freskoak ere salgai izango dira, adibidez, aza eta porrua.
Aukera zabala
Barazkiez gain, bestelako jakiak ere aurkitu ahal izango dira gaurko azokan, hauek ere, fresko eta naturalak.
Hala nola, frutak, ogia, pastak eta pastelak, eztia, txerrikiak, hainbat esneki (horien artean, behi eta ahuntz gazta ezberdinak)...
Era berean, jatekoak ez direnen postuak ere izango dira bertan, hazi eta landare postua, esaterako.