Iazko abendua bukatzean 1.181 langabetu zeuden Hernanin eta martxoan, 1.278. Beraz, urte hasieran baino 97 langabetu gehiago zeuden lehenengo hiruhilekoa bukatzean. Langabetu kopurua hilabetez hilabete joan da igotzen eta hilabeterik gogorrena urtarrila izan da. 76 hernaniar geratu ziren lanik gabe, hau da, 1.257 langabetu zeuden. Otsailean, berriz, 1.269 langabetu zeuden. Urtea langabetu gehiagorekin hastea iazko joera berdina izan da. 2010 urtea 1.122 langabeturekin bukatu zen eta 2011ko martxoan 1.205 langabetu zeuden; 83 gehiago. Dena dela, 2011 urtean, langabezia jaisten joan zen martxotik udazken-negu ingurura arte.
Igoera, orokorra
Urtearekin batera langabezia igotzea ez da Hernaniko kasua bakarrik, orokorrean igo da langabetu kopurua. Gipuzkoan, abenduan baino 4.466 langabetu gehiago zeuden martxoa bukatzean. Denera, 45.596.
Hego Euskal Herrian, berriz, azken 22 urteetako langabetu kopururik altuena erregistratu da martxoan: 213.470.
Industrian, 4 langabetu
gutxiago
Sektoreei erreparatuz gero, zerbitzuenak jarraitzen du izaten sektorerik kaltetuena. Martxoan 791 ziren arlo horretan lanik gabe zeuden hernaniarrak, urte hasieran baino 43 gehiago. Bigarren sektore kaltetuena industria da, 225 langabeturekin. Dena dela, urte hasieran baino 4 langabetu gutxiago zeuden martxoan. Eraikuntzan 164 langabetu zeuden martxoan, urte hasieran baino 37 gehiago; eta nekazaritzan 2 gehiago; 16 denera. Aurretik lanik ez zutenen kopurua ere igo egin da: martxoan 82 zeuden eta abenduan 63.
36 emakume gehiago,
lanik gabe
Orain arte bezala, azken hiruhilekoan ere, emakumezkoak dira lanik gabe dauden herritar gehienak. Denera, 655 langabetu daude eta kopurua asko igo da urte hasieratik; izan ere, orduan baino 36 langabetu gehiago daude. Gizonezkoen artean, berriz, langabetu kopurua 623koa da eta urte hasieran baino 15 langabetu gehiago daude.
Joerari eutsiz, 25-44 urte bitarteko gizon eta emakumezkoen artean dago langabezia gehiena.
15 kontratu gutxiago
Urteko lehenengo hiruhilekoan urtea bukatzean baino langabetu gehiago egoteaz gain, lan kontratu gutxiago egin dira. Martxoan 385 kontratu egin ziren eta abenduan 400. Kontratu gehienak emakumezkoei egin zaizkie, 194. Gizonezkoei, berriz, 191.
Sektoreei dagokienez, zerbitzuetan 262 kontratu egin dira, industrian 98, eraikuntzan 25 eta nekazaritzan bat bera ere ez. yy