Mendiriz Mendik aurrepirineotako gailurrik garaienera antolatu du apirileko irteera. Peñas Canciasera joango dira, ingurune bakarti eta lasaiera. La Guarguera izena du eskualdeak, eta herri txiki ugariz osatua dago; gehienak abandonatuta daude. Herri horiek dira garai batean eskualde honek izan zuen oparotasunaren adierazle. Gaur egun ordea, ez da ia inor bizi eta ondorioz, eskualde hau da Aragoi Pirineoko biztanle gutxien dituena.
Gillué herrian, hainbat leku interesgarri
Gillué herri txikia da, baina badu bere xarma. Bertan bisita daiteke San Miguelen omenez XVIII. mendean eraikitako eliza; erortzeko zorian egon arren oraindik zutik irauten duena. Herriaren beste aldean Casa Villacampa dorre fortifikatua dago, botere erlijiosoa eta zibilaren desberdintasunaren adibide. Fusilentzat prestatutako leihoek erakusten dute eskualde honek ere, liskarrak eta tentsioak bizi izan zituela.
Gure bidetik pixka bat desbideratuta, Fragen baseliza erromanikoa dago. Inguru hauetan bagabiltza interesgarria da bisitatxo bat egitea. Fablo herriko lurretan kokatuta dagoen ermita hau, Canciasen hego-mendebaldean dago. Ez dakite zein mendetan eraiki zuten, baina bai ordutik hona hainbat alditan berritua izan dela. Ermitaren nabea laukizuzena, da eta egurrezko zutabez estalita dago. Zutabe hauek absideari XVII-XVIII mendean gehitu zitzaizkion. Atea hego aldera irekitzen da eta adintelatua da. Absidea semizirkularra da, eta labearen bobeda ia osotasunean galdu du.
Mendizale gutxik bisitatzen du ingurua
Cancias inguruetatik oso mendizale gutxi ibiltzen da eta beraz, natura, lasaitasuna eta bakea dira nagusi. Gailurretik dagoen bista ikusgarria da. Aurrez-aurre Ordesa inguruko gailur nagusi guztiak ikusten dira: Monte Perdido, Marbore, Tallón, Cilindro de Marbore, Pico de las Olas...; atzean, Guarako mendizerra; eta gure oinetan, Torla eta Brotoko bailara zabala. Gailurretik bereiz daitezke Bisaurinetik Posetsera dauden tontor gehienak.
Cancias mendia udaberrian igotzea gomendantzen da, oraindik elurra duenean, eta eguna argitsu dagoenean. Udaran bero gehiegi egin dezake eta iturririk ez dagoenez, neketsu egin daiteke. Udaberrian gainera, Ordesa inguruko gailur guztiak zuriz jantziak aurkituko ditugu eta horrek paisaia edertu egiten du.
Ibilbidearen hasiera, desnibel haundirik gabea
Aterpetik irten eta iparraldera doan pista hartuko dugu. Pista hau tarte luze batean jarraitu behar da. Ez du desnibel handirik eta errekaren albotik doa beti. Bidegurutze batera iristerakoan ezkerrera hartu behar da. Bide honi jarraituz, zubi batera iritxiko gara. Zubia gurutzatu ondoren pistak gure eskuinera eramango gaitu.
Bideak ezkerrera kurba haundi bat egiten duenean, aldapa gogor batekin egingo dugu topo. Igoera honek Fablo herrira darama, baina guk bide hori utziko dugu, eta gure eskuinera dijoan pista hartuko dugu. Hala, ipar-ekialdera egin behar dugu.
Bailara berri batean sartuko gara. Pistak bailararen ezkerreko aldetik egiten du gora. Hau bukatu baino metro batzuk lehenago, bidezidor bat jaioko da gure eskuinean. Bidea ongi adierazita dago eta ez du galbiderik.
Gorantz, bide gogorra
Bidezidorra garbia da eta gora gogor egiten du pinu eta ezpelen artean. Pixka bat aurrerago bidegurutze bat aurkituko dugu. Bidegurutze honetan aukeratzen da nondik igo Cancias mendia. Zuzen jarraitzen bada, Sierra Ligüerreko lepora iristen da eta bertatik, hego aurpegitik, igotzen da gailurrera. Ezkerrera egiten duen bidea hartzen bada, Cancias bere ipar-mendebaldetik igotzen da. Guk lehenengo bideari ekingo diogu eta bigarren bidetik itzuliko gara.
Igoera gogor eta luze baten ondoren Sierra de Ligüerreko lepora iritsiko gara. Ipar aldera joko dugu, hasieran basotik barrena eta errekatxo baten albotik. Erreka bi alditan zeharkatu eta basotik goiko soroetara irtengo gara. Azkeneko aldapa gogorra igo eta gailurrean gara. Gailurrean dago harriz egindako piramidea, bertize geodesikoa estaltzen duena; eta horren inguruan, hau ere harriz egina, guztia inguratzen duen zirkulu haundi bat.
Jaitsieran, ur jauzi haundi batekin topo
Paisaiaz ongi gozatu ondoren, behera egingo dugu. Horretarako mendebaldera egin eta soroetatik barrena, aldapa gogor batzuk jaitsi ondoren, pista batetara iritsiko gara. Pista zeharkatu eta bailararen beste aldera pasa behar da.
Bideari jarraitu eta basoan sartuko gara. Jaitsierak Galindo barrankoaren beheko aldera eramango gaitu. Barrankoa zeharkatu eta pixka bat aurrerago ur-jauzi eder batekin egingo dugu topo. Hemendik aldapatxo bat igo eta igoeran aurkitu dugun bidegurutzera iritsiko gara. Kontrako bidea egitea soilik geratzen zaigu, aterpeko itzalera iritsi eta ibilaldia bukatzeko.