Pasa den martxoaren 29tik apirilaren 1era bitarte, Itsaso Tolosa igerilari hernaniarra (Buruntzaldea IKT) Malagan izan da Espainiako Absolutuen Open Txapelketa jokatzen. Tolosa igandean lehiatu zen 200 bizkar frogan. 2’29’’82ko denbora egin zuen eta 26garren sailkatu zen. Igeriketa taldetik azaldu dutenez, «Tolosak ez zuen nahi bezain emaitza ona lortu, baina bertan ikusitako markek erakutsi dute hernaniarra denborarekin maila haundian ibili daitekeela».
Mundu mailako punta puntako igerilarien artean
Tolosa absolutu mailan lehiatu da, bera baino 5-10 urte zaharragoen artean. Horrez gain, txapelketa hori estatu mailan jokatzen den txapelketarik garrantzitsuena izan da; izan ere, junior mailan Europako Txapelketarako sailkatzeko balio izan du eta absolutu mailan Munduko Txapelketarako eta Londreseko Olinpiar Jokoetarako. Hori horrela, bertan izan dira mundu mailako punta puntako igerilariak: Mireia Belmonte, Claudia Dasca, Mercedes Peris, Aschwin Wildeboer, Rafa Muñoz, Duane da Rocha, Melquiades Alvarez, Konrad Czerniak...
Hainbat traba
Tolosa, Pontevedran jokatu zen Gazteen Espainiako Txapelketarako prestatu zen batez ere, eta helburuak bete zituen: brontzea lortzea eta Openerako sailkatzea. Openerako izan duen bost asteko tartean forma mantentzea besterik ezin izan dutela egin azaldu dute klubetik. Horrez gain, asteazkenetik Malagan izanda, igandera bitarteko egunetan lehiatu gabe egoteak ere ez ziola askorik lagundu nabarmendu dute.
Udarari begira entrenatzen
Orain, udarari begira entrenatzea da Tolosaren asmoa, Udarako Txapelketa Absoluturako gutxienekoak bai baititu. Klubetik gaineratu dutenez, bere kategoriakoa (junior mailakoa) eta absolutua bi astetako tartearekin izango dira eta biak prestatzeko aukera gehiago izango dute. Datorren astean jada, Tolosa Panticosan izango da bere taldekideekin entrenatzen.